Pablo Turrillas: "Hainbat talde entrenatzeko aukera eduki dut eta horrelako emaitzak gutxitan izan dira"

Uztarria.eus 2015ko urr. 14a, 20:09
Pablo Turrillas.

Lagun Onakeko Hirugarren Mailako taldeak denboraldi honetan orain arte jokatu dituen zazpi jardunaldietan 17 puntu batu ditu dagoeneko. Sailkapenean hirugarren postuan daude azpeitiarrak. Uztarria.eus-ek Pablo Turrillas (Deba, 1963) entrenatzailearekin hitz egin du. Orain arteko emaitzekin "oso gustura" eta maila mantentzen jarraitzeko ilusioz daude.

Hasiera ona eman diozue denboraldi berriari. Zer moduz sentitzen zara taldearekin?

Oso gustura nago taldearekin. Nire bigarren urtea da Lagun Onaken eta bi urte hauek oso politak ari dira izaten. Denboraldi honen hasieran duda asko eduki genituen, izan ere, bat-batean taldea jende gutxirekin gelditu zen. Dudak alde batera utzi eta bikain hasi genuen denboraldia. Zazpi partidatan 17 puntu atera ditugu eta gustura egoteko moduan gaude.

Nolako harremana daukazu taldeko jokalariekin?

Hori beraiek esan beharko dute. Nire ustez harreman ona daukat eurekin. Giro polita sortzen da entrenamendu nahiz partidetan eta hori niretzat oso garrantzitsua da. Bere garaian ni ere izan nintzen futbolari eta badakit parrandara irtetea zer den. Horrelakoetarako espazio bat ematea gustatzen zait.

Aurreko denboralditik hamaika jolakarik utzi dute taldea. Espero al zenuen bat-batean horrelako aldaketarik?

Urte berezia izan da aurtengoa. Bost jokalari eibartar genituen eta Eibarrek filiala atera zuen. Taldeko jokalari eibartarrak euren herriko taldera joan ziren. Horietaz gain, bi beterano azpeitiarrek ere utzi dute taldea, Josu Aranburuk eta Julen Santestebanek. Talde berri bat egin behar genuen eta gazte pare bat ere ekarri ditugu taldera. 20 jokalari daude taldean gaur egun eta gustura gaude, momentuz.

Hitz egiguzu jokalari berrien ekarpenaz.

Atezain bat fitxatu dugu Pasaiatik, Aitzol Aizpurua. Herri beretik etorri zaizkigu Ander Urdangarin Kolo defentsa eta Luis Egaña aurrelaria ere. Horiek esperientziadunak dira Hirugarren Mailan eta horrek asko laguntzen du taldean. Azkar eta erraz integratu ziren taldean eta emaitza onak ari dira ematen.

Taldea fruitu onak ari da ematen. Zu, entrenatzaile izanik, zer moduz sentitzen zara?

Entrenatzaile bezala esperientzia askokoa naizela uste dut. Hainbat talde entrenatzeko aukera eduki dut eta horrelako emaitzak gutxitan izan dira. Oso gustura nago horiekin. Taldean maila mantentzeko borrokan ari gara eta hori oso polita da denontzat. Jokalariak oso langileak dira. Zuzendaritzaren aldetik ere laguntza handia jasotzen dut. Lana errazten didate eta asko inplikatzen dira.

Futboleko entrenatzaile izateaz gain beste lanik egiten al duzu? Hala bada, zer moduz moldatzen zara denera iristeko?

Herrian bertan, Deban, komunikazioan eta diseinu grafikoan nago lanean. Astean zehar lanera nahiz entrenamenduetara joaten ohituta nago jada, urte asko baitaramatzat errutina antzekoarekin. Aurreko denboraldira arte etxetik urrun edukitzen nituen entrenamenduak eta hori oso nekeza izaten zen. Lagun Onaken hasi nintzenetik, berriz, askoz lasaiago nabil. 22 minututan nago Azpeitian eta asko eskertzen dut hori. Izan ere, 'etxe ondoan' lan egitea ederra da, gero!

Hasiera ona eduki duzue baina denboraldia luzea da. Zein helburu dituzu taldearekin?

Hasiera bikaina eduki dugu, egia esan, eta sailkapenean hirugarren ikustea oso motibagarria da. Puntuak taldearentzat oso garrantzitsuak dira, baina hori ez da guztia. Taldea aurrera ondo eramatea nahi dugu, inork minik hartu gabe. Patidaz partida denok ahal duguna eman eta maila mantentzea da gure helburua.

Entrenatzaile bezala esperientzia handia daukazu. Ondarroan, Durangon, Gernikan, Anaitasunan eta Arenasen egon zara, besteak beste. Zer berezitasun du Lagun Onakek?

Aldagela azpimarratuko nuke. Hori diodanean, bertan batzen diren jokalariengatik ari naiz, noski. Jende nahiko gaztea dago. Beteranoak badaude, baina gazteak ugari dira. Oso integratuta daude denak eta hori asko eskertzen da.

Nolako zalegoa dauka Lagun Onakek?

Herri txikia izateko publiko handia dauka. Denboraldiko lehenengo partidatik azkenekora ikusle kopurua nabarmen igo da, geroz eta jende gehiago etortzen da taldea animatzera. Taldea hirugarren postuan egonda publikoa ere motibatuta dago eta hori garrantzitsua da jokalarientzat, indar asko ematen baitie.

Aukera edukiz gero, zein talde entrenatzea gustatuko litzaizuke?

Egunez egun joatea gustatzen zait eta datorrenari aurre egitea. Momentuz oso gustura nago Lagun Onaken eta bertan jarraitzea gustatuko litzaidake. Eta ez diot hirugarren postuan gaudelako. Aurreko urtean ere momentu gogor eta zail asko eduki genituen, baina beti bilatzen dut motibazioa talde honekin aurrera jarraitzeko.