Hiru azpeitiar bai, hilaren 24ko Azketa-Erlo erronkarako

Uztarria.eus 2015ko urr. 13a, 20:27

Jexux Zelaiak, Ioritz Goenagak eta Egoitz Arrutik mendi lasterketetako euskal selekzioko kideekin batera hartuko dute parte Euskadi Irratiko Hiru Erregeen Mahaia saioak proposatuta egingo den proban.

Txetxu Urbieta azpeitiarrak zuzentzen duen Hiru Erregeen Mahaia kirol irratsaiotik ateratako erronkaren nondik norakoak ari dira itxura hartzen. Urriaren 24an, zapatua, Azketa eta Erloko gainaren arteko bidea hamar minutu azpitik egiten ahaleginduko diren kirolarien zerrenda hazten ari da, eta azpeitiarrak ere izango dira tartean.

Urbietak Uztarriari baieztatu dioenez, momentuz hiru dira erronkan parte hartzeko izena eman duten azpeitiarrak: Jexux Zelaia, Ioritz Goenaga eta Egoitz Arruti. Mendi lasterketetako euskal selekzioko kideekin batera ariko dira azpeitiarrak, baita eurek bezala Euskadi Irratiko saioaren gonbidapena eskatu duten beste hiru lagunekin ere; hamar gonbidapen zituzten banatzeko Hiru Erregeen Mahaia-koek, eta sei banatu dituzte orain arte. Horrela, gaur arte hamasei dira Azketa-Erlo erronkan parte hartuko dutela baieztatu duten kirolariak. Ostegunean bukatuko da izena emateko epea.