Nortasun propioa, edozeinek bezala

Uztarria.eus 2015ko urr. 9a, 20:52

Ezetz asmatu nolakoa den nire bizitza? da Atzegiren aurtengo sentsibilizazio kanpainaren leloa. "Adimen urritasuna duten pertsonen bizimoduaren inguruan dagoen ezjakintasunean" eragitea da helburua, "aurreiritzi eta estereotipo faltsuak" alde batera utzi eta kolektibo horretako "pertsona bakoitzaren bizimodua ezberdina dela" erakutsiz. Gure bailaran ere izango du zabalkundea.

"Adimen urritasuna dute eta horrek batzen ditu. Baina pertsonak dira, edozein bezalakoak, eta nortasun propioa dute". Irune Boo Azpeitiko Atzegiren ordezkariaren hitzak dira, adimen urritasuna duten pertsonen aldeko Gipuzkoako elkarteak 2015erako prestatu duen sentsibilizazio kanpainaren Azpeitiko aurkezpenean esanak.

Izan ere, "adimen urritasuna duten pertsonen bizimoduaren inguruan gizartean oro har dagoen ezjakintasunean" eragitea da Atzegiren aurtengo kanpainaren helburua, "pertsona bakoitzaren bizimodua ezberdina dela" erakutsiz. Gipuzkoako gizartean kolektibo horren inguruan oraindik mantentzen diren "aurreiritzi eta estereotipo faltsuak" apurtu nahi dituzte, adimen urritasuna duten pertsonen errealitatea plazaratuz.

Horrela, Ezetz asmatu nolakoa den nire bizitza? leloa aukeratu dute "parte-hartzailea eta ausarta" izango den kanpainarako. Urriaren 5ean hasita, 8.000 kartel banatuko dituzte Gipuzkoa osoan, horietatik 400 gure bailaran. Baina Atzegiren webgunea eta sare sozialak izango dira, bereziki, kanpainaren euskarri nagusiak. Batetik, atzegi.org/horrelakoadanirebizitza orrialdea sortu dute elkartearen webgunean. Bertan jarri dute kanpainarako sortu duten bideoa, eta galdetegi bat ere bai, "edonork, era ludiko eta dibertigarrian, kolektibo honen inguruan duen ezagutza maila neurtzeko aukera" izan dezan. Bestetik, #HorrelakoaDaNireBizitza eta #AsiEsMiVida traolak erabilita, Atzegik adimen urritasuna duten pertsonei argazkiak bidaltzea eskatzen die, "Gipuzkoako gizarte osoari euren bizitza nolakoa den kontatzeko". Argazkiak Twitter, Facebook eta Instagram bidez edo WhatsApp-eko 609703706 zenbakira bidali behar dituzte.

Kanpaina hezkuntzaren munduan ere zabalduko dute; pegatina batzuk sortu dituzte horretarako, galdetegiekin batera ikastetxeetan hitzaldiak emateko erabiliko dituztenak.

Urriaren 13an, berriz, kanpaina aurkezteko ekitaldia egingo dute Donostiako Antzoki Zaharrean, 18:30ean.

Bakoitzak berea

Azpeitiko aurkezpenean, kanpainaren berri emateaz gain haren helburuekin bat etorriz, Mari Mar Crespok eta Ander Alberdik hartu zuten hitza.

Biek dute adimen urritasuna, eta bakoitzaren eguneroko bizimodua nolakoa den edota zer zaletasun dituzten azaldu zuten. Horrela, besteak beste, Sanjuandegiko mintzapraktika taldean euskara ikasten ari dela esan zuen Crespok, "poliki-poliki, e?", eta gehien gustatzen zaizkion gauzen artean dagoela "jendeari laguntzea, niri laguntzen didaten bezalaxe". Alberdik, berriz, panderoa jotzea eta kirola ditu gauzarik gustukoenak, batik bat igeriketa. Goizetan igerilekuan eta arratsaldetan tailerrean egiten du lan, eta igerilekuko lanak gehiago betetzen duela aitortu zuen.