Mintzapraktika saioak hasi dira ikasturte berriarekin

Uztarria.eus 2015ko urr. 8a, 12:50

Azpeitiko mintzapraktika saioak hasi dira urriarekin batera, Sanjuandegin. Joan den ikasturtean hasi ziren egitasmoarekin, eta jarraipena emango diote aurten ere. Oraindik izena eman daiteke saioetan parte hartzeko edo boluntario gisa aritzeko.

Azpeitiko mintzapraktika saioak hasi dira urriarekin batera, Sanjuandegin. Joan den ikasturtean hasi ziren egitasmoarekin, eta jarraipena emango diote aurten ere. Antolatzaileen arabera, "otsa galtzeko" eta "aurreiritziak baztertzeko" gune egokiak dira mintzapraktika saioak. Sanjuandegiko lokalean edo bertako tabernetan kafe bat hartuz egiten dituzte.

Hitz egitea da saioen helburua, eta horretarako material didaktikoak erabiltzen dituzte: puzzleak, jolasak eta abar. Hiru mailatan banatuta daude hiztunak, eta 30 pertsona inguru hasi dira ikasturte berriarekin, lau taldetan banatuta. Talde bakoitzean bi euskaldun zahar egongo dira, boluntarioak, eta haiek bideratuko dute elkarrizketa, baita akatsak zuzendu ere.

Oraindik izena eman daiteke saioetan parte hartzeko edo boluntario gisa aritzeko. Saioak doakoak badira ere, asistentzia errespetatzea eskatu dute antolatzaileek. Hala ere, hasieran konpromisorik gabe joan daitekeela esan dute, "giroa ezagutzera". Udal Euskaltegira dei daiteke izena emateko: 943 81 19 47 edo 943 81 45 18 zenbakietara.