Askapenari eta bertako kide internazionalistei babesa agertu die Azpeitiko Udalak

Uztarria.eus 2015ko urr. 7a, 13:49

Atzo, asteartea, egindako urriko udalbatzarrean Askapenari eta kide internazionalistei babesa agertzeko mozioa onartu zuen Azpeitiko Udalak aho batez. EH Bilduk eta EAJk adostutako testuak babesa agertzen die Askapenari, Askapeñari, Herriak Aske eta Elkar truke S.L. elkarteei eta urriaren 19an Espainiako Auzitegi Nazionalean epaituko dituzten bost militante internazionalistei.

Hemen, mozioa osorik:

Azpeitiko Udalak Askapena (Askapeña, Herriak Aske eta Elkar truke S.L.) eta bertako bost kideren aurkako prozesu judizialak sortzen digun kezkaren aurrean, epaiketa bertan behera geratzeko eskatzen du. Izan ere, bost euskal herritarrentzat seina urteko kartzela zigorra eskatu da elkartasun internazionalistaren baitan egindako lanagatik. Prozesuak gure herriko bake prozesua oztopotzen duela uste dugu, eta horregatik, ondoko elkartasun mezua adierazi nahi diegu Azpeitiko Udaletik:

  1. Askapenari, Askapeñari, Herriak Askeri eta Elkar Trukeri nahiz inputatutako bost euskal internazionalistei, Walter Wendelini, Gabi Basañezi, Unai Vazquezi, Aritz Ganboari eta Dabid Sotori, elkartasuna adierazi nahi diegu.
  2. Prozesu judizial honen aurkako salaketa irmoa egiten du Azpeitiko Udalak. Inoiz ez litzateke abian jarri behar, eta une honetan euskaldun internazionalisten aurkako epaiketa euren absoluzioaz amaitzeko, dagozkien eskubideak itzultzea eta zor zaien erreparazioa ematea eskatzen dugu.