Mikel Orbegozo: 'Anaiarekin edozein taldetan jokatzea gustatuko litzaidake, baina zaila izango da'

Uztarria.eus 2015ko urr. 7a, 12:58
Mikel Orbegozo, Compostelarekin aurten jokatu duen partidetako batean.

Mikel Orbegozo (Azpeitia, 1989) ia oinez ikasterako hasi zen futbolean. Bost urterako etxe aurreko parkean aritzen zen baloiari ostikoka eta ibilbide luzea izan du ordutik. Galiziako SD Compostela taldeko jokalaria da gaur egun, eta gustura dago bertan. Uztarria.eus-ek Orbegozorekin hitz egin du, eta hark jakinarazi dio elkarrizketa bat euskaraz egitea "asko eskertu" duela.

Futbol ibilbide luzea duzu. 

Txikia nintzela, anaiarekin aritzen nintzen futbolean, etxe aurreko parkean. Karmelo Etxegarai Ikastolako hesiak hainbat aldiz saltatutakoak gara, bertako futbol zelaietan jolasteko. Urte batzuk pasatu ostean, Ikasberri taldean hasi nintzen jokatzen eta handik Realera egin nuen jauzia. Bertan hamaika urte igaro ostean, Athleticera joan nintzen. Athleticen hiru urte utzita egon nintzen, Gimnastic de Tarragonan, Sestoa Riverren eta SD Amorebietan. Handik urtebetera (duela urtebete) Euskal Herritik irten eta Getafera (Madril) joan nintzen. Gaur egun, berriz, Galizian nago, Compostela taldean.

Talde berria. Hiri berria. Zer moduz sentitzen zara taldean?

Hasiera beti egiten da gogorra. Ez duzu inor ezagutzen, ezta hiria ere. Galduta eta deseroso pasatzen dituzu lehenengo egunak. Egoera hauetara ohituta gaude, ordea. Pare bat hilabetean jendearekin harremana izaten hasten zara; entrenamentuetan, etxean... Ni pisukide batekin bizi naiz ta horrek asko laguntzen du. Berarekin leku ezberdinak bisitatu ditut eta oso harreman ona egin dugu.

Denboraldiaren hasiera ez da erraza izaten ari zuen taldearentzat. Orain artekoaz zer balorazio egiten duzu?

Denboraldiaurrean taldeak apustu gogorra egin zuen, mailaz igotzeko helburuarekin. Ekonomikoki saltoa eman zuten eta jokalarien fitxaketak gehiago ordaintzen hasi ziren. Talde leihakor, beterano eta ona osatu nahi zuten, eta lortu dute. Hasiera txarra egin dugu, baina: jokatu ditugun zortzi partidetatik bakarra irabazi dugu eta denera gol bakarra sartu. Ez genuen espero horrelako hasierarik, baina oraindik denbora asko dago aurretik, denboraldian 38 partidu baitira guztira. Hasiera txarra eduki dugu, baina egoerari buelta ematea eta denboraldia ondo amaitzea espero dugu.

Futbolean talde batetik bestera ibiltzea tokatu izan zaizu. Zein izan dira ibilbidean izan dituzun aldaketa azpimarragarrienak?

Futbolariak ohituta gaude leku batetik bestera joatera eta bertan aurkitzen dugunarekin ohitzera. Aldaketarik handiena Athleticetik Tarragonara joan nintzenean izan zen. Donostian eta Bilbon bizi nintzenean, edozein momentutan joan nintekeen etxera. Tarragonatik, aldiz, ez. Etxetik gertu bizitzea zer ona den gozatzen ikasi nuen urte hartan. Hala ere, uste baino hobeto eraman nuen urrun egotea.

Orain ere etxetik urruti. Gogorra ari al zaizu egiten?

Pixukidearekin, esan bezala, oso harreman estua dut eta taldekideok asko laguntzen diogu elkarri. Taldean 8 edo 9 gara 'kanpotarrak' eta plan asko egiten ditugu elkarrekin. Momentu jakin batzuetan, futbolean gauzak ondo ateratzen ez zaizkizunean eta, asko gogoratzen naiz etxekoekin. Horrelakoetan asko alaitzen naute lagunen nahiz familiakoen bisitek. Etxetik gertuago dagoen futbol talde batean jokatzea gustatuko litzaidake, baina ez da erraza.

Anaia, Jon, Amorebieta taldeko jokalaria da denboraldi honetan. Hura ere Bigarren B mailan, baina bi multzo ezberdinetan zaudete. Egoten al zarete elkarrekin? 

Anaiarekin daukadan harremana ezin da hitzekin azaldu. Oso-oso ondo moldatzen gara. Egunean gutxienez bi dei egiten dizkiogu elkarri. Anaiarekin asko gogoratzen naiz eta faltan ere somatzen dut, harreman oso berezia dut-eta berarekin. Pertsona garrantzitsuena da niretzat.

Anaiaren aurka jokatzea tokatu izan zaizu hainbat aldiz… Nolakoa izan da esperientzia?

Lehelengo aldiz duela sei edo zazpi urte, Realean nengoela, jokatu nuen anaiaren aurka eta oso futbol partida berezia izan zen. Pertsona garrantzitsuena da Jon niretzat eta kontrako taldean ikusteak harritu egin ninduen. Izan ere, anaiarentzat onena nahi nuen eta nire taldekideen aurka jokatzen ikustea arraroa egin zitzaidan. Aldiz, etxekoentzat oso polita izan zen partida hura. Jada 6 edo 7 aldiz jokatu dugu elkarren kontra eta partida bat gehiago izan dira horiek guretzat.

Santiago inguruetan, kalean-eta ezagutzen al zaituzte? 

Oraindik jende gutxik ezagutzen nau hemen. Orain dela hilabete eta erdi iritsi nintzen eta ordutik bat edo beste gelditu zait begira, baina... Egia esan, nahiago dut horrela izatea. Gauzak ondo edo gaizki joan, ez da atsegina jendea zure atzetik ibiltzea. Kirol arloa eta arlo pertsonala desberdindu egin behar dira. Futbol zelaian futbolariak gara, baina hortik kanpo 'pertsona normalak' gara eta gure bizitza egin behar dugu. Jendeak 'kontrolatzea' ez zait gustatzen, baina hemen ez dugu horrelako arazorik.

Aukera izanez gero, non jokatzea gustatuko litzaizuke? Espainiako Lehen Mailako talderen batean imajinatzen al duzu zure burua?

Anaiarekin edozein taldetan jokatzea gustatuko litzaidake, baina zaila izango dela iruditzen zait. Espainiako Lehen Mailako talderen batean, berriz, ez naiz imajinatzen. Hori elitea da. Europako ligarik indartsuena da Espainiakoa. Bartzelona eta Madril ez ezik, Villarreal eta Sevilla taldeak Europa Ligue bezalako mailetan goiko postuetan sailkatzen dira. Horra iristea ia ezinezkoa da. Hala ere, inoiz ez dira ateak itxi behar. 

Futbolean ibilbide luzea izaten ari zara. Zein momentu on eta zein txar azpimarratuko zenituzke?

Denboraldi onena Getafen egin nuen joan den urtean. Urterik borobilena izan zen, une jakin on asko bizi izan nituen; ez nuen lesiorik izan eta beti izan nuen jokatzeko aukera. Momentu txarrenak Sestao Riverren igaro nituen, bigarren mailatik, Gimnasticetik, hara joan nintzen. Urte ona egiteko esperantzak nituen, baina zoritxarrez, lesio asko izan nituen, apendizetik operatu ninduten, haginak atera zizkidaten... Traba askoko urtea izan zen eta nintzena erakusteko aukera gutxi eduki nuen. Urte zaila izan zen.

Futbola uzterik pasatu al zaizu inoiz burutik?

Futbolean bost urtekin hasi nintzen eta nahiz eta batzuetan jokatzeko aukerarik ez izan, ikustea ere asko gustatzen zait. Odolean daramat futbola. Futbola ez dut utziko, futbolak utziko nau. Txiki-txikitatik dena ondo joan zait, eta zorte ona izan dut beti futbolean. Realean igarotako urteetan oso mimatuta egon nintzela gogoratzen dut. Urte txarrak pasatu ditudan arren, futbolak bere alde ona eman izan dit beti.

Zein futbolari da zure erreferentea?

Realean jokatzen zuenean Darko Kovacevik zen nire erreferentea. Gero, urte gehiago nituela, Fernando Llorenteri begira hasi nintzen eta egun bera da nire erreferentea.

Futbolean jokatzeaz gain, ikasterik edo lan egiteko tarterik eduki al duzu urte hauetan guztietan?

Realean nintzela, Lehen Hezkuntza ikasketak egin nituen. Futbolak utziko banindu, irakasle bezela lan egitea gustatuko litzaidake. Fisioterapeuta izatea nahi nuen hasieran, baina garai hartan Bartzelonan bakarrik zegoen ikasketa horiek egiteko aukera, eta ezin nuen Realean jokatzeko aukera alde batera utzi. Hala ere, ez naiz damutzen Lehen Hezkuntza ikasi izanaz.

Sare sozialetan asko ibiltzen zara. Futbolarientzat garrantzitsuak direla uste al duzu gaur egun?

Futbolariak sare sozialetan asko ibiltzen gara, nahi beste denbora libre baitugu. Denbora libre asko dugunez, Twitter nahiz Instagram gisako sare sozialak erabiltzen ditugu. Tailerrean egunean zortzi ordu lanean egingo banitu, ez dut uste sare sozialak erabiliko nituzkeenik.

Zein helburu dituzu etorkizunerako?

Compostelari ahalik eta gehien laguntzea da orain daukadan helburua. Ahal dudan gol gehien sartzea, maila ona ematea eta beraiek nigan eduki duten konfidantzari buelta ematea. Dena ematea dut helburu, eta etorkizunean etorri behar duena, etorriko da. Zazpi hilabete luze ditut aurretik oraindik; zazpi hilabete luze eta gogor. Aurre egin eta ahal den guztia ematea tokatzen zait.