Enpresa ideiak garatzeko eta proiektuak abian jartzeko diru-laguntzak emango ditu Udalak

Uztarria.eus 2015ko urr. 6a, 14:54
Eneko Etxeberria alkatea eta Agustin Lizarralde zinegotzia.

Azpeitiko Udalak eta Lanbidek elkarlanean enpresa ideiak garatzeko eta enpresa proiektu berriak martxan jartzeko diru-laguntzak banatuko dituzte. Hainbat baldintza bete behar dira diru-laguntza eskaera egiteko, eta eskariak azaroaren 2a bitartean egin behar dira Azpeitiko udaletxean.

Azpeitiko Udalak eta Lanbidek elkarlanean enpresa ideiak garatzeko eta enpresa proiektu berriak martxan jartzeko diru-laguntzak banatuko dituzte. Udalak jakinarazi duenez, egungo krisiari aurre egiteko "ezinbestekoa" da lanbide eta lanpostu berriak sortzea: "Azpeitiko langabezia tasa %12koa da eta ekintzailetasuna giltza garrantzitsua izan daiteke tasa hori murrizteko eta herriko ekonomia sustatzeko".

"Bizi dugun egoeraren aurrean, ekintzaile dinamismoa ezinbesteko faktorea da hazkunde ekonomikoa eta garapena bultzatzeko, eta, modu horretan, aukera berriak sor daitezen. Proiektu edota ideiak dituzten ekintzaileei modu integralean laguntzea da gakoa, eta diru-laguntza hauen bidez, ideiak dituztenei horiek bideragarriak ald diren jakiten lagundu eta bideragarriak diren proiektuak abian jartzen lagunduko zaie", azaldu du Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak. Gainera, diru-laguntzak jasotzen dituztenek, ideiak edo proiektuak garatu ahal izatek tutorearen laguntza izango dute prozesuan zehar. Hainbat baldintza bete behar dira diru-laguntza eskaera egiteko, eta eskariak azaroaren 2a bitartean egin behar dira Azpeitiko udaletxean.

Ondorengoak dira diru-laguntzen zehaztapenak:

1.- Enpresa ideia garatzeko diru-laguntza, ideia bat izan eta hori bideragarria al den jakin nahi dutenentzat. Gehienez zortzi herritarri emango diete laguntza: 25 urte baino gutxiago dituzten sei laguni (lau gizon eta bi emakume) eta 25 urtetik gorako biri (emakume bat eta gizon bat). Gehienez, 1.000 euroko laguntza jasoko du eskatzaile bakoitzak. Zenbateko horri %15 erantsi behar zaio eskaera egiten duen pertsonak une horretan 18 eta 25 urte bitartean baldin baditu, eta beste %15 eskaria egiten duena emakumea bada.

Eskaera egiten dutenek bete beharreko baldintzak honakoak dira:

  • EAEn erroldatuta egotea eta egoitza bertan izatea.
  • Lagabea izatea eta Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuan lan-eskatzaile gisa izena emanda egotea.
  • Jarduera Ekonomikoaren Gaineko Zergan eta Langile Autonomoen Araubide Berezian lehendik alta emangabe egotea.
  • Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak pertsona ekintzaileei laguntza emateko kudeatutako deialdietako laguntzen onuradun ez izatea, 2013ko eta 2014ko ekitaldietan.

2.- Enpresa proiektu berriak martxan jartzeko diru-laguntza, ideia garatuta eta abian jartzea nahi duenarentzat. Geheinez zazpi laguntza emango dituzte: 25 urte baino gutxiago dituzten lau azpeitiarri (bi emakume eta bi gizon) eta 25 urtetik gorakoentzat hiruri (emakume bat eta bi gizon). Gehienez, 1.500 euroko diru-laguntza emango zaio eskatzaile bakoitzari. Zenbateko horri %15 erantsi behar zaio eskaera egiten duen pertsonak 18 eta 25 urte bitartean baldin baditu, eta beste %15 eskatzailea emakumea bada.

Eskaera egiten dutenek bete beharreko baldintzak honakoak dira:

  • EAEn erroldatuta egotea eta egoitza bertan izatea.
  • Lagabea izatea eta Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuan lan-eskatzaile gisa izena emanda egotea.
  • Enpresa edo negozio berriari ekiteko bideragarritasun plana edukitzea, dagokion erakunde laguntzaileak laguntza fasean balioztatua.
  • Deialdi honen hirugarren artikuluan aurreikusitako erakunderen bateko aholkularitza eta laguntza jasotzeko prozesuan sartuta egotea.
  • Enpresa jarduerak EAEn izan beharko du egoitza soziala eta fiskala, eta lantokiak ere bertan egon beharko du.
  • Pertsona ekintzaileei jarduera berri bat abian jartzeko laguntza emateko Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak kudeatutako deialdietako laguntzen onuradun ez izana 2013ko eta 2014ko ekitaldietan.