Enpresa berriak sortzeko diru-laguntzak eskatzeko epea urriaren 31n bukatuko da

Uztarria.eus 2015ko urr. 6a, 11:51

Azkoitiko eta Azpeitiko herritarrei zuzendutako laguntzak dira; langabetu nahiz lanean ari direnei eta enpresa berriak sortzen dituztenei. Izaera estrategikoa edo berritzailea duten arloak "bereziki" lagunduko dituztela azaldu dute garapen agentziako kideek. Iraurgi Berritzenek emango ditu laguntzak Urola Erdian ekintzailetasuna sustatzeko. 

Iraurgi Berritzenek Urola Erdian ekintzailetasuna sustatzeko diru-laguntzak emango ditu. Azkoitiko eta Azpeitiko herritarrei zuzendutako laguntzak dira; langabetu nahiz lanean ari direnei eta enpresa berriak sortzen dituztenei. Gainera, izaera estrategikoa edo berritzailea duten arloak "bereziki" lagunduko dituztela azaldu dute garapen agentziako kideek.

Honakoak dira Iraurgi Berritzenek abian jarri dituen diru-laguntzak:

  • Edozein izaera juridikopeko enpresa jarduera sortzeagatik, gehienez, 2.500 euroko diru-laguntza. Enpresa jarduera sortzen duen pertsona fisikoa edo juridikoa izan daiteke, baina langabezian egotea ezinbestekoa da.
  • Gizarte ekonomiari lotutako eta edozein izaera juridikotako enpresa jarduera sortzeagatik, 5.000 euroko diru-laguntza. Horiek izan daitezke, lan elkartuko kooperatibak, lurraren ustiaketa komunitariorako kooperatibak edo lan-sozietateak. Laguntza hau jasotzeko ere beharrezkoa da langabezian egotea.
  • Sozietate Anonimo izaera estrategikoa eta berritzailea duten jarduerak eta helburu soziala duten enpresa berrien sorrera bultzatzeko, gehienez, 10.000 euroko laguntza enpresako. Eskaria egiten duenak ez du langabezian egon beharrik.

Urriaren 31n bukatuko da laguntzak eskatzeko epea. Informazio gehiago behar duenak Iraurgi Berritzenera, 943 85 11 00 zenbakira, deitu behar du.