Josu Labaka: "Kolore desberdinetako politikariek helburu berekin egingo dugu lan"

Urola Kostako Hitza 2015ko urr. 6a, 12:11
Josu Labaka Sanagustin kulturgunean. (Eneritz Albizu Lizaso)

Uemako zuzendaritza batzordea hautatu zuten larunbatean, Azpeitian, eta Josu Labaka (Azpeitia, 1978) Azpeitiko Udaleko zinegotzia izango da lehendakaria datozen lau urteetan. Harekin batera, eskualdeko beste hiru politikarik osatuko dute batzordea. Orotara, EH Bilduko zazpi ordezkari, EAJko hiru eta independiente bat izango dira batzordean agintaldi honetan. Urola Kostako Hitza-k Labakarekin hitz egin du.

Zein dira Uemaren oinarriak eta helburuak datozen lau urteetarako?

Euskalgintzatik sortutako erakunde publikoa da Uema. Gaur egun, Hego Euskal Herriko lau herrialdeetako udalerriak biltzen dituen mankomunitate bakarra da: 73 udalerrik osatzen dute. Euskararen normalizazio bidean, motor papera izateko bokazioa duen erakunde publikoa da. Nolabait esateko, Euskal Herriko udalerririk euskaldunen arteko sarea da, udalerri horiek euskaldunak izaten jarrai dezaten, eta Euskal Herri euskalduna eraikitzeko ekarpena egin dezaten.

Udalekin lan egiten du, batik bat, Uemak. Zer zerbitzu eskaintzen dizikie?

Batetik, elkarlanerako bideak irekitzen dizkie beste udalekin, filosofia hori eskaintzen die. Euskarari lehentasuna emanez, urratsak egiten jarraitzera bideratzen ditu. Gure udalerriak soziologikoki euskaldunak badira ere, beharrak eta gabeziak dituzte, Uema behar horietara egokitzen da, eta tokian tokiko zerbitzuak eskaintzen ditu. Zerbitzu horiek administrazioa euskalduntzeari begira egin daitezke, edo herriari begira. Azken aldian, garrantzia berezia eman diogu herritarrak aktibatzeari ere. Bestalde, udalerri euskaldun horiek babesteko eragin linguistikoaren ebaluazioa ari gara egiten. Hau da, aztertzen ari gara nola eragiten duten euskararen ezagutzan eta erabileran euskaraz gain dauden aldagaiek, hirigintza bezalakoek kasu. Denda berri bat irekitzen badute, adibidez, Azpeitian, bermatu behar dugu euskarazko zerbitzua eskainiko dutela.

Elkarrizketa osorik, Urola Kostako Hitza-ren webgunean.