Ilunpe pilota elkartea eta Asier Cuevas omenduz hasiko da Garagardo Azoka ostiralean

Uztarria.eus 2015ko urr. 6a, 11:37

Ilunpe pilota elkarteak Euskal Herriko Herriarteko Txapelketa irabazi zuen joan den uztailean, eta duela aste gutxi Asier Cuevasek bigarren egin zuen 100 kilometroko Munduko Txapelketan. Bost egunez izango da zabalik garagardo azoka; urriaren 9an, 10ean eta 11n, eta urriaren 16an eta 17an. Kontzertuak, dantza emanaldia, puzgarriak, mus txapelketa eta abar izango dira egun horietan Berdura plazan.

Ostiralean, hilak 9, hasiko da Iraurgi saskibaloi taldeak antolatutako VII. Garagardo Azoka. Urteroko legez, Berdura plazan izango da festagunea, eta ostiralean 20:00etan inauguratuko dute azoka Ilunpe pilota elkarteko kideek eta Asier Cuevas lasterkariak. Izan ere, Euskal Herriko Herriarteko Txapelketa irabazi zuten uztailaren 25ean, Santio egunez, Ilunpe pilota elkarteko kideek, eta irailaren 11n, Herbehereetan, 100 kilometroko Munduko Txapelketan bigarren egin zuen Asier Cuevas atletak. Ilunpekoek eta Cuevasek azoka inauguratu ostean, Iraurgi klubeko 2015/2016 denboraldiko taldeen aurkezpenak egingo dituzte.

Bost egunez izango da zabalik garagardo azoka; urriaren 9an, 10ean eta 11n, eta urriaren 16an eta 17an. Kontzertuak, dantza emanaldia, puzgarriak, mus txapelketa eta abar izango dira egun horietan Berdura plazan, eta garagardo mota ugari eta hainbat jaki dastatu ahal izango dituzte bertaratzen direnek. Iraurgi saskibaloi taldekoek azaldu dutenez, asteak daramatzate azoka antolatzen, baina kolaboratzaileak behar dituzte barran eta sukaldean laguntzeko. Horrenbestez, laguntzeko prest dutenek 662 313 146 edo 640 537 014 telefonora deitu behar dute.

Mus txapelketa azkarra

Garagardo Azokaren azken egunean, urriaren 17an, ohiko mus txapelketa azkarra egingo dute Berdura plazan. 16:00etan hasiko da lehia, eta bikote bakoitzak 20 euro ordaindu beharko du parte hartzeko.

Irabazleak bildutako diruaren %40, txapela eta bi lagunentzako afaria eskuratuko ditu. Bigarrenak bildutako diruaren %30 eta bi lagunentzako afaria. Hirugarrenak, berriz, bildutako diruaren %20 eta bi lagunentzat afaria eskuratuko ditu, eta laugarrenak diruaren %10 eta bi lagunentzat afaria.

Hemen, Garagardo Azokako egitaraua:

Urriak 9, ostirala

20:00etan inaugurazioa.

Ondoren, Iraurgiko taldeen aurkezpenak.

23:00etan Azkaiter Pelox taldearen kontzertua.

Urriak 10, zapatua

16:30etik 20:30era puzgarriak.

23:00etan DJ Elortxaren emanaldia.

Urriak 11, igandea

16:30etik 20:00etara puzgarriak.

23:00etan Ingo al deu? taldearen kontzertua.

Urriak 16, ostirala

19:30ean Jose Mari Orbegozoren dantza eskolakoen emanaldia.

23:00etan Laket taldearen emanaldia

Urriak 17, zapatua

16:00etan mus txapelketa azkarra.

23:00etan Erokomeri taldearen emanaldia.