Urriaren 31n izango da Ikasberri Kros Mistoa

Uztarria.eus 2015ko urr. 5a, 15:06
Probaren antolatzaileak eta udal ordezkariak, Ikasberrin.

Euskal selekzioaren aldeko binakako lasterketa 18:30ean hasiko da eta 6,7 kilometroko ibilbidea izango du. Aurten, aurrenekoz, 14 eta 18 urte bitarteko gazteek ere hartu ahal izango dute parte proban, baina gurasoen edo arduradunen baimena aurkeztu beharko dute.

Aurten hilaren 31n, zapatua, izango da Azpeitiko Herriarteko VI. Kros Mistoa. Ikasberri Kirol Elkarteak antolatu du Euskal selekzioaren aldeko lasterketa. 18:30ean hasiko da 6,7 kilometroko lasterketa, plazatik.

Izena ematen duten bikoteko 20 euro ordaindu beharko dituzte aurrez. Azpeitian Aitzaki Kirolak, Aradi-Robers Kirolak, Santi Lazkano eta Mugi Kirolak dendetan eman ahal izango da izena; Azkoitian Plaza Berri Sport dendan. Internetez ere inskribatu daiteke izena www.herrikrossa.com webgunean. Egunean bertan ere eman ahal izango dute bikoteek izena, baina 30 euro ordaindu beharko dute. Aurten, gainera, 14 eta 18 urte bitarteko gazteek ere hartu ahal izango dute parte proban, baina gurasoen edo arduradunen baimena aurkeztu beharko dute.

Lau eta zortzi urte bitarteko haurrak dituzten parte-hartzaileek, hala nahi izanez gero, ludoteka zerbitzuaz gozatu ahal izango dute 16:30etik 19:30era bitartean.

Iaz ez zen Kros Mistorik egin herrian, plaza eraberritzeko lanak tarteko. Duela bi urte izan zen azkenengo edizioa, eta 66 bikotek hartu zuten parte orduan. Miren Gaztañagak eta Mitxel Cuadradok irabazi zuten proba.