Josu Labaka udal zinegotzia da UEMAko lehendakari berria

Uztarria.eus 2015ko urr. 5a, 13:04

Josu Labaka (Azpeitia, 1978) Euskara, Kultura, Zerbitzu Orokorrak eta Parte-Hartzea sailetako zinegotzia (EH Bildu) izango da Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko (UEMA) lehendakaria datozen lau urteetan. Hala erabaki zuten herenegun, zapatua, Sanagustin kulturgunean egindako batzar nagusian, aho batez. Labakaren hautaketaz gain, UEMAko zuzendaritza batzordea ere aukeratu zuten, eta hamar alkate eta zinegotzi izango dira batzorde horretan. 

Hego Euskal Herriko lau herrialdeetako kideak, alderdi politiko desberdinetakoak, bildu ditu UEMAko zuzendaritzak: EH Bilduko sei, EAJko hiru eta independiente bat. UEMAko kide diren udalerriek duten ordezkaritza politikoaren arabera osatzen da zuzendaritza batzordea.

UEMAko lehendakari kargua hartzean "erronka potoloa" dutela euskaldunek, "bigarren mailako herritarrak izateari uzteko", azaldu zuen Labakak. UEMAn erakundeek eta gizarteak lan egin behar dutela adierazi zuen mankomunitateko lehendakariak. Gainera, "elkarlana" jarri zuen eguneroko jardunaren erdigunean: "Zerbait bada, UEMA elkarlana da". Horrez gain, "sentsibilitate desberdinetako politikariak" bildu direla gogorarazi zuen lehendakariak. 

UEMAk 25 urte beteko ditu datorren urtean, eta egun 73 udalerrik osatzen dute mankomunitatea. "Kopuru horri eustea ez ezik, legealdi berrian herri gehiagori atea zabaltzea eta euskararen arnasguneak sendotzen segitzea da", azaldu dute. 

Eskualdeko zortzi udalerri daude UEMAn: Azpeitia, Aizarnazabal, Beizama, Getaria, Orio, Zarautz, Zestoa eta Zumaia. Azpeitia UEMAko kide da 2008tik, eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen bulegoetako bat Azpeitian dago, Sindikatu Zaharrean.