Guztientzat aitortza bera

Urola Kostako Hitza 2015ko urr. 2a, 20:24

Eskualdeko zortzi ordezkari politiko izan ziren irailaren 4an Memoriaren Euskal Institutuan, Ezenarro, Fernandez eta Urkullurekin. Udaletan ari dira orain gaia lantzen.

Etorkizunari begiratzeko, iraganeko zauriak ixtea dute helburu gizarte zibilak eta politikariek Euskal Herrian. Urola Kostan badira mota guztietako biktimak, alde batekoak zein bestekoak; aitortuak eta ahaztuak; omenduak eta gorrotatuak. Bi aldetan banatutako borroka hori hausteko bidea jorratzen ari da, ordea, euskal gizartean azken urteotan, herritarren eta boteredunen pausoak batuz.

Eusko Jaurlaritzak azterketa-lan bat egin du udalerriz udalerri “bizitzeko eskubidearen aurkako urraketak” txostenetan jasotzeko. Dokumentuak zegozkien alkateei eman zizkieten irailaren 4an, Memoriaren Euskal institutuan, Bilbon. Hamalau txosten prestatu zituzten Arabarako, 56 Gipuzkoarako eta 58 Bizkairako. Horietatik, zortzi Urola Kostako herrietakoak dira, eta bilera hartan izan ziren honako udalerrietako ordezkari politikoak: Aia, Azkoitia, Azpeitia, Getaria, Orio, Zarautz, Zestoa eta Zumaia.

Urola Kostako Hitza-k erreportaje zabala egin du gai honen inguruan. Bertan, eskualdeko alkateen iritziak jaso ditu eta horietako bat da Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatearena. Urola Kostako Hitza-ren webgunean dago erreportajea osorik irakurgai.

Hemen, Azpeitian 1960-2010 urteen artean bizitzeko eskubidearen aurkako urraketak jasandakoen zerrenda:

Azpeitia

Gregorio Posada. ETAk hil zuen tiroz, 1974an, 33 urterekin. Guardia zibila zen.

Francisco Gomez, Miguel Garcia eta Francisco Mota. ETAk hil zituen Loiola eta Azpeitia artean, 1979an; Gomezek 28 urte zituen, 29 beste biek. Guardia zibilak ziren.

Antonio Ales, Angel Garcia eta Pedro Sanchez. ETAk hil zituen Izaro tabernan, 1979an. Alesek 19 urte zituen, Garciak eta Sanchezek 20. Guardia zibilak ziren.

Ignacio Lasa. Komando Autonomo Antikapitalistak hil zuen Lasaoko bere tabernan, 1980an, 38 urterekin. Galdeketa bat egin ondoren tirokatu zuten.

Francisco Machio. Komando Autonomo Antikapitalistak hil zuen Amaia tabernan, 1983an, 31 urterekin. Langabea zen.

Inaxio Uria. ETAk hil zuen Loiolan, 2008an, 71 urterekin. Enpresaburua zen.

Angel Otaegi. Frankismoko azken fusilatua beste lau gizonekin, Burgosen, 1975ean, 33 urterekin. ETApm-ko militantea zen.

Pedro Mari Isart eta Dionisio Aizpuru. Poliziak hil zituen, Pasaiako segadan, 1984an, 23 urterekin. Ikerketa ez dago itxita oraindik.Komando Autonomoetako kideak ziren.