Emakumeen Mundu Martxarekin bat egin du Udalak

Uztarria.eus 2015ko urr. 2a, 18:56

Bere "atxikimendua eta babes osoa eman" dizkio egunotan Euskal Herrian dabilen karabana feministari. Bide batez, urriaren 7rako Emakumeen Txokoan antolatu duten Motxila ikusezina dokumentalaren emanaldira joateko gonbita luzatu die herritarrei.

Egunotan Euskal Herrian dabil Emakumeen Mundu Martxaren karabana. Irailaren 28an iritsi zen Tafallara eta igandean, urriak 4, Bilbon izango du azken geltokia. Azpeititik ez da pasatuko aurten, baina Azpeitiko Udalak bat egin du ekimenarekin, adierazpen baten bidez. "Martxa honek sare feminista bat sortu eta munduko matxismoa ikustaraztea nahi du eta helburu horrekin hasi zen karabana feminista abian martxoaren 6an Kurdistanen -azaldu du Udalak idatzian-. Azpeitiko Udalak bat egiten du egitasmoarekin eta bere atxikimendua eta babes osoa eman nahi dio martxari".

Atxikimenduaz eta babesaz gain, "berdintasunaren alde lan egiteko" eta bere esku dauden "baliabideekin neurriak hartzeko konpromisoa" adierazi du Udalak, eta konpromiso hori helburu zehatzak lortzera bideratzeko konpromisoa ere bai. Indarkeria matxistaren aurreko neurriak indartzea eta hobetzea, zaintzaileen bizitza eta zaintzarekin lotutako zerbitzuak hobetzea, aniztasun sexuala eta genero identitatea kontuan izanda lan egitea, eta emakumeen jabekuntza eta saretze soziala bultzatzea dira, hain zuzen, helburu horiek.

Bide batez, urriaren 7rako Emakumeen Txokoan antolatu duten Motxila ikusezina dokumentalaren emanaldira joateko gonbita luzatu die Udalak herritarrei. 19:00etan izango da.