Zapatuan 'Bakea, erabakia' leloarekin Donostian egingo den manifestaziora deitu du Urola Kostako EH Bilduk

Uztarria.eus 2015ko urr. 1a, 20:40
Urola Kostako EH Bilduko kideak, Azpeitian egin duten agerraldian.

17:00etan hasiko da mobilizazioa, Artzain Onetik abiatuta. Azpeitian gaur, osteguna, eginiko agerraldian, "bakearen bidean urratsak ematen, elkarbizitzan eta bakegintzan eredu izaten" jarraitzeko deia egin diete koalizioaren ordezkariek herritarrei.

EH Bilduk deituta, manifestazioa egingo da zapatuan, urriak 3, Donostian. Bakea, erabakia izango da 17:00etan Artzain Onean hasiko den mobilizazioaren leloa. Euskal gatazkaren konponbideari Espainiako eta Frantziako estatuek jarritako "oztopo eta trabak" salatzea izango da manifestazio horren xedeetako bat. EH Bilduren aburuz, bi estatuek "ez dute bakerik nahi, gatazkan bakean baino erosoago sentitzen direlako. Eta horren adierazle dira, urte, hilabete eta azken asteetan, etengabean konponbidea eta bakea trabatzeko emandako gertaerak". Horren aurrean, Euskal Herria "bakean bizitzea erabaki" duen herria dela uste du Bilduk, "konponbiderik nahi ez dutenen aurrean, gatazka etengabean aritu nahi dutenen aurrean, hitza eta erabakia nahi dituena. Erabakia eta bakea".

Gaur, osteguna, agerraldia egin du Enparan Dorretxearen atzeko belardian Urola Kostako EH Bilduren hainbat ordezkarik, eskualdeko herritarrak zapatuko hitzordura gonbidatzeko. "Bete ditzagun Donostiako kaleak bake eta askatasun egarriz. Bihur ditzagun Donostiako kaleak behin betiko bakera eramango gaituzten bide. Bihur ditzagun bideak pauso eta pausoak bide, Euskal Herriak, azkenean, gatazkarik ezagutuko ez duten belaunaldi berriei ongietorria egin diezaien. Urola Kostako herritarrok hainbat alditan erakutsi izan dugu konponbiderako eta bakerako gure nahia eta konpromisoa. Eman diezaiogun beharrezko duen bultzada", adierazi dute.

Manifestaziorakoa ez da izan, ordea, EH Bildukoek egin nahi izan duten deialdi bakarra. "Bi deialdi" egiteko elkartu direla esan dute, "zintzotasunetik eta tinkotasunetik". Bata, aipatutako manifestazioarena. Bestea, berriz, "bakearen bidean urratsak" egiten eta "elkarbizitzan eta bakegintzan eredu izaten" jarraitzeko luzatu duten deia izan da. "Gure konpromisoa eta bide-orri proposamena publiko egina dugun Bakerako Euskal Bidea liburuxkan dago barneratuta. Bidelagun izan nahi duten eragile eta herritar ororekin adostuz eta elikatuz egin nahi eta behar dugun bidea. Ez diezaiogun uko egin bakean behin betiko bizitzeko ametsari. Jarrai dezagun posible dela erakusten. Jarrai dezagun, bakoitzak guretik, dagokiguna eginez, herri bezala bakea eraikitzen", nabarmendu dute.