Larrañaga eta Murgiondo garaile, VII. Joxe Larrarte memorialeko finalean

Urola Kostako Hitza eta Uztarria.eus 2015ko urr. 1a, 10:03
Jende ugari izan zen partidak ikusten. (E. Albizu Lizaso)

Asteartean jokatu zituzten partidak Aizarnazabalen, Sanmiel jaien baitan. Larrañagak eta Murgiondok 22 eta 17 irabazi zuten Santxo eta Imazen aurka.

Joan den asteartean Jurgi Larrañaga eta Daniel Murgiondo azpeitiarrek irabazi zuten VII. Joxe Larrarte Memorialeko seniorretako finala, Aizarnazabalen. Peña eta Martija, berriz, 22 urtez azpiko lehian nagusitu ziren. Sanmiel jaien baitan jokatzen da Joxe Larrarte Aizarnazabalgo alkate ohiaren omenezko eskuz binakako pilota ligaxka.

Elizaldek eta Mendiak Peñaren eta Martijaren aurka jokatu zuten 22 urtez azpikoetan, eta bi bikoteek maila ona erakutsi zuten partidan. Peña eta Martija izan ziren garaile, 22 eta 15. Seniorretan, berriz, Larrañagak eta Murgiondok irabazi zuten 22 eta 17, Santxo eta Imazen aurka. Jende ugari bildu zen Aizarnazabalgo pilotalekuan. Izan ere, entzutetsua da ligaxka afizionatu mailako pilotari eta zaleen artean.