Azketatik Erlora hamar minutu azpitik bai?

Uztarria.eus 2015ko ira. 30a, 18:43

Euskadi Irratiko Hiru Erregeen Mahaia kirol saioak erronka bota die mendi lasterketetako euskal selekziokoei, eta onartu egin dute kirolariek. Urriaren 24an, 16:15ean hasita, jarria dute hitzordua. Selekziokoak ez direnek ere badute erronkan parte hartzeko aukera; hamar gonbidapen dituzte banatzeko irratsaiokoek.

Mendiko lasterketak eta erronkak gustuko dituztenek hitzordua izango dute Izarraitzen datorren urriaren 24an, zapatua. Txetxu Urbieta azpeitiarrak Euskadi Irratian zuzentzen duen Hiru Erregeen Mahaia kirol saioak erronka bota die mendi lasterketetako euskal selekzioko kideei: Azketatik Erlora ezetz hamar minutu azpitik igo. Kazetariek erronka bota, eta kirolariek onartu. Horrela, selekzioko kide diren Aritz Egeak, Iñigo Larizek, Oier Ariznabarretak, Hassan Aitchauk, Imanol Larrañagak, Elena Calvillok, Aitziber Ibarbiak eta Maria Zorrozuak dagoeneko baieztatu dute Azpeitiko tontorrerako lasterketan parte hartuko dutela.

"Bide zehatzik ez dago, bakoitzak nahi duen tokitik igotzeko aukera du, zuzen-zuzenean, zeharka... nahiago duten moduan", azaldu du Txetxu Urbietak.

Proba 16:15ean hasiko da Azketan. Parte-hartzaileak, ordea, 14:45ean abiatuko dira Azpeitiko plazatik Azketara bidean, "eta nahi dutenek beraiekin batera mendi martxan igotzeko aukera izango dute". Gainera, selekziokoak ez direnek ere badute erronkan parte hartzeko aukera; hamar gonbidapen dituzte banatzeko irratsaiokoek. Gonbidapen horiek eskuratzeko, irratsaioaren e-posta helbidera (mahaia@eitb.eus) bidali behar da eskaera.