Lehendakaria eta zuzendaritza batzorde berria aukeratzeko batzarra egingo du zapatuan UEMAk

Uztarria.eus 2015ko ira. 30a, 13:16

Sanagustin kulturgunean egingo dute batzar orokorra, 10:00etan hasita. UEMAko lehendakaria eta batzorde berria aukeratuko dituzte bilkuran.

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak legealdiko lehen batzar orokorra egingo du zapatuan, hilak 3, Azpeitian. UEMAko lehendakaria eta batzorde berria aukeratuko dituzte 10:00etan Sanagustin kulturgunean egingo duten bilkuran.

Horrenbetez, joan berri den legealdian lehendakari izan den Maren Belastegi ordezkatuko duen pertsona eta UEMAren batzorde berria hautatuko dituzte zapatuko batzarrean, eta datozen lau urteotan horiek gidatuko dute mankomunitatearen jarduna.

UEMAk 25 urte beteko ditu datorren urtean, eta egun 73 udalerrik osatzen dute mankomunitatea. Azpeitia UEMAko kide da 2008tik, eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen bulegoetako bat Azpeitian dago, Sindikatu Zaharrean.