'Loreak' filmak Espainia ordezkatuko du Oscar sarietan

Uztarria.eus 2015ko ira. 29a, 14:07
Nagore Aranburu 'Loreak' filmeko irudi batean.

Zinema Akademiak gaur jakinarazi du erabakia. Espainiako ordezkaria izango da Loreak 2016ko Oscarretan. Hollywoodeko Zinema Akademiak urtarrilaren 16an jakinaraziko du zer herrialdeetako filmak nominatu dituzten otsailaren 28ko sari banaketan parte hartzeko. 2014ko irailean estreinatu zuten Irusoin ekoiztetxeak egindako filma, eta bertan parte hartu zuen, besteak beste, Nagore Aranburu azpeitiar aktoreak. 

Zinema Akademiak gaur, asteartea, jakinarazi du Loreak filma hautatu duela 88. Oscarretan Espainia ordezkatzeko. Hollywoodeko Zinema Akademiak urtarrilaren 16an jakinaraziko du mundu osoko zer herrialdeetako 5 film hautatu dituzten, otsailaren 28an Los Angeleseko Dolby antzokian egingo den Oscar sarien banaketan lehiatzeko. Hautatua izanez gero, Atzerriko Film Onenaren atalean ariko da lehian eta Oscar sarietan parte hartuko duen lehenengo euskarazko filma izango da Loreak.

Loreak filmaz gain, Donostiako Zinemaldiko iazko Urrezko Maskorraren irabazle Magical Girl eta Gracia Querejetaren Felices 140 ziren Espainiako Zine Akademiaren hiru hautagaiak, eta azkenean Loreak izango da Espainiako Akademiaren ordezkaria 2016ko Oscarretan.

2014ko irailean aurkeztu zuten Irusoin ekoiztetxeak egindako Loreak filma, eta bertan parte hartu zuen, besteak beste, Nagore Aranburu azpeitiar aktoreak. Loreak filma Goya saria eskuratzeko bost filmen arteko leihan izan zen, eta filmeko hiru emakume protagonistek, tartean Nagore Aranburuk, aktore onenen saria jaso zuten Tokioko Latin Beat jaialdian. Gainera, I. EZAE saria ere jaso berri du Loreak pelikulak.