Gora egin du estali gabeko igerilekuko erabiltzaile kopuruak udan

Uztarria.eus 2015ko ira. 29a, 12:21

35.622 erabiltzaile izan dira aurten guztira, 2013an baino %0,58 gehiago (2014an ez zuten daturik bildu, igerilekuko lanak tarteko). Estali gabeko igerilekua 93 egunetan izan da zabalik eta horietatik 36 izan dira egun eguzkitsuak. Eguneko bataz besteko erabiltzaile kopurua 383 izan da.

Amaitu da uda, eta itxi ditu ateak estali gabeko igerilekuak. Uda sasoian, ekainaren 13tik irailaren 13ra bitartean, izan da irekita kanpoko igerilekua, eta Udalak jakinarazi duenez, erabiltzaileei dagokionez, datu "positiboak" jaso dituzte aurtengoan. Izan ere, 35.622 erabiltzaile izan dira aurten guztira, 2013an baino %0,58 gehiago (2014an ez zuten daturik bildu, igerilekuko lanak tarteko). 35.622 erabiltzaileetatik %88 (31.192 erabiltzaile) Kirol Patronatuko bazkideak ziren eta gainerakoak, %12 (4.430 erabiltzaile), ez ziren bazkideak.

Estali gabeko igerilekua 93 egunetan izan da zabalik eta horietatik 36 izan dira egun eguzkitsuak. Eguneko bataz besteko erabiltzaile kopurua 383 izan da, eta erabiltzaile gehien izan zen eguna uztailaren 3a, ostirala, izan zen. Orotara, 1.396 lagun izan ziren kanpoko igerilekuan.