Euskara Patronatuak merkatari eta ostalarientzat doako itzulpen zerbitzua ematen duela gogoratu du Udalak

Uztarria.eus 2015ko ira. 28a, 20:24

Azkenaldian sare sozialetan euskaraz gaizki idatzitako herriko denda bateko kartel bat eta menua erdara hutsean duen jatetxe baten irudiak zabaldu ondoren atera du oharra.

"Azpeitiko Udalak gogorarazi nahi du merkatari, dendari, jatetxe-jabe eta jendaurreko negozioentzat testuak itzultzeko edo zuzentzeko zerbitzua eskaintzen duela, doan. Azpeitiko Euskara Patronatuaren bidez eskaintzen da zerbitzu hori, kartel, menu, eta ohar eta idatzizko beste edozein testu itzuli edo zuzentzeko, esan bezala, ezer ordaindu gabe. Zerbitzu hori behar dutenek deitu dezatela Euskara Patronatura (943814518) eta bertan emango diete beharrezko laguntza eta informazioa". Horrela dio Udalak plazaratu duen oharrak, Euskara Patronatuak herriko merkatari eta ostalariei zuzendutako doako zerbitzuak badituela oroitarazteko.

Azkenaldian sare sozialetan euskaraz gaizki idatzitako herriko denda bateko kartel bat eta menua erdara hutsean duen jatetxe baten irudiak "bolo-bolo" zabaldu direla ikusi ondoren atera du oharra Udalak. Euskara egoki erabiltzeko "baliabideak herritarren esku" daudela adierazi dute horrela udal arduradunek, "euskararen normalizazioa bizitzaren esparru guztietara zabaltzea guztion zeregina eta ardura" dela gogora ekarriz.