Angel Otaegi gogoan izan dute Nuarben, fusilatu zuteneko 40. urteurrenaren bezperan

Uztarria.eus 2015ko ira. 26a, 19:17

Bihar, irailak 27, beteko dira 40 urte Angel Otaegi nuarbetarra Burgosko espetxean fusilatu zutela. Urteurren borobil horren bezperan gaur, zapatua, Otaegi eta Francoren erregimenak harekin batera hil zuen Juan Paredes Txiki gogoan hartuta hainbat senide, lagun eta herritar elkartu dira Nuarben.

Haietako asko mendiz joan dira Azpeititik Nuarberaino. Han, Otaegiren etxea zenaren atarian hamaiketakoaz gozatu ondoren, oroimeneko ekitaldia egin dute frontoian. Otaegiren irudia erdian eta Egia bide askatasuna amets leloa behekaldean zituen pankartaren aurrean, bertsoak, poesia errezitatuak eta kantuak eskaini dituzte frontoian jarritako oholtzatxoan. Tartean, Xexilio Alegriak eta Juan Mari Zubillagak hartu dute hitza. Otaegi hurrengo egunean fusilatuko zutenaren abisua jaso ondoren Burgosera joan ziren nuarbetarretako bat izan zen Alegria, eta ordu haietan bizitakoaz aritu da. Zubillaga hernaniarra, berriz, Otaegiren espetxekidea izan zen, Martutenen aurrena eta Burgosen gero.

Ekitaldiaren azken txanpan, Otaegiren eta Txikiren senide banarekin batera, Pasaiako segadan Guardia Zibilak tirokatuta hildako Dionisio Aizpuru Kurro eta Pedro Mari Isart Pelitxo azpeitiarren senideak ere igo dira oholtzara, frontoian elkartutakoen omenaldia jasotzera. Eusko Gudariak abestuz bukatu den ekitaldiaren ondoren bazkaria izan dute, frontoian bertan.

Gaurkoa Otaegiren fusilamenduaren 40. urteurrenaren bueltan antolatutako ekimenen zita nagusia izan da, baina bihar ere gogoratuko dute haren heriotza Nuarben, hilerrian egingo duten beste ekitaldi batean.