Ikastolen Elkarteak Azpeitian ireki du ofizialki ikasturtea

Uztarria.eus 2015ko ira. 26a, 17:11

Ikastolen Elkarteak Azpeitian egin du aurten ikasturte berriaren irekiera ekitaldia, herrian lehen ikastola sortu zeneko 50. urteurrena gogoan hartuta. Soreasu antzokian 250 bat lagun elkartu dira gaur, zapatua, ekitaldirako.

Ikastoletako eta erakundeetako ordezkarien hitzaldiak izan dira musikaz eta dantzaz hasi eta bukatu duten bilkuraren ardatza. Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak, Koldo Tellitu Ikastolen Elkartearen lehendakariak, Imanol Lasa Gipuzkoako Gobernantza eta Komunikazio diputatuak, Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailburuak eta Lourdes Idoiaga Partaideko lehendabiziko lehendakariordeak hartu dute hitza, hurrenkera horretan.

Hezkuntza eredu propioaren garrantzia aldarrikatu dute ikastolek gaurko ekitaldian. Eta Azpeitiko ikastolaren 50. urteurrena bezala, publifikazio prozesuak orain dela 20 urte ikastolen mugimenduari emandako astindua ere gogoan izan dute. Horrela, Partaideren sorreraz oroitu dira, eta publifikazioaren eztabaidak eragindako zatiketa gordinari aurre egin eta euren proiektuak birsortu behar izan zituzten Azpeitiko Ikasberri, Beasaingo Andramendi, Elorrioko Txintxirri eta Leioako Betiko ikastolak omendu dituzte.