Ikastolaren 50. urteurrenaren egitaraua, "denetik, denentzat eta herri osoari zabalduta"

Uztarria.eus 2015ko ira. 26a, 11:05

Sanagustin kulturgunea jendez bete zen atzo arratsaldean, Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraik eta Urola Ikastolak Azpeitiko ikastolaren sorreraren 50. urteurrena ospatzeko prestatu duten ikasturte beteko egitarauaren aurkezpen ekitaldirako. Ikasle, irakasle, guraso... gaur egungoek eta lehen izandakoek bat egin zuten Jon Artanok gidatutako ekitaldia jarraitzeko, baita Azpeitiko Udaleko ordezkariek ere.

Alberto Izagirre Urolako zuzendariak eta Inazio Azpitarte Karmelo Etxegaraikoak hartu zuten hitza aurrena, ikastolen historia eta Azpeitikoaren ibilbidea azaltzeko batak, eta bi ikastolek kalitatezko hezkuntzaren alde egindako apustua gogoratzeko besteak. Ekitaldiaren xede nagusia, ordea, datozen hilabeteetan izango diren ospakizunak eta 50. urteurrenerako sortu duten kantua aurkeztea zen. Egitaraua zein abestiaren letra ekitaldiaren sarreran jaso zuten gonbidatuek eskuorri batean. Xabier Arrieta irakasleak azaldu zituen egitarauaren zertzelada batzuk, "denetik, denentzat eta herriari zabalduta" dagoela nabarmenduz. Egitarauan sartu dituzten hiru kontzertu aipatu zituen modu berezian Arrietak, ikastola beraren hiru aro irudikatuko dituztelako: Xabier Saldiasek, Amagarrek eta Unai Hirukoak emango dutena, "sorrera garaietako kantuekin"; Jotakie -25 urteren buruan berriro elkartuta-, Direccion Obligatoria eta Lin Ton Taun batuko dituena, "euskarazko rockaren hastapenak" gogoan hartuta; eta Triniti Fox eta Piztiak taldeek emango dutena, egungo ikasleak eta gurasoak ordezkatzen dituzten taldeak, hurrenez hurren.

50. urteurreneko kantua, berriz, Unai eta Eñaut Frantzesenak egin dute; 25. urteurreneko kantuaren musika egin zuen Jose Luis Frantzesenaren seme eta ikasle ohiek, alegia. Unaik musika sortu eta Eñautek jarri dio letra atzoko ekitaldian dance bertsioan -Eñaut Gaztañagak moldatuta- eta ikasle talde batek prestatutako koreografiarekin aurkeztu zuten abestiari. Egileek aurreratu zutenez, beste bi moldaketa ere egingo dituzte: punk-rock estilokoa, ikasle talde bat prestatzen ari dena; eta Lin Ton Taun taldeak egingo duena.

Egitarau osoa

Ikasturtea bukatu bitartean, ekaina arte, hilean hitzordu bat eskainiko du ikastolaren 50. urteurrenaren ospakizunen egitarauak. Atzoko aurkezpena izan zen, hain zuzen, lehendabizikoa.

Horiez gain, eta oraindik zehaztu gabeko datarekin, 50 urteotako historia jasoko duen liburua ere aurkeztuko dute Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraik eta Urola Ikastolak.

Hona hemen urritik aurrerako egitarau osoa:

Urriak 25, igandea

  • 09:00. Plazatik abiatuta ibilaldia, ikastolak izan dituen eta dituen kokapenetatik pasatuz. Ondoren, hamaiketakoa plazan.

Azaroak 14, zapatua

  • 20:30-22:30. Trikiti-bertso-txotx-afari-merienda. Otartekoa, norberaren kontura.
  • 23:00. Trini Fox eta Piztiak taldeen kontzertua.

Bi ekitaldiak, Sanagustin kulturgunean.

Abenduak 26, zapatua

  • Amagar, Xabier Saldias eta Unai Hirukoarekin kantaldia, Soreasu antzokian. Xabier Euzkitzek egingo ditu aurkezle lanak.

Urtarrilak 20, asteazkena

Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraiko ikasleek 50. urteurreneko ikurrarekin apainduta hartuko dute parte San Sebastian eguneko umeen danborradan.

Otsaila (eguna eta ordua zehazteko)

  • Pirritx, Porrotx eta Marimotots Izarraitz pilotalekuan, Uztaro haurreskolarekin elkarlanean.

Martxoak 12, zapatua

  • Festa eguna, Perdillegiko Karmelo Etxegarairen eraikinean.

Apirilak 9, zapatua

  • 23:00. Jotakie, Direccion Obligatoria eta Lin Ton Taun taldeekin kontzertua, Sanagustin kulturgunean.

Maiatzaren 1etik 15era

  • Ikastolak 50 urte argazki erakusketa Betharramen, Azpeitiko Argazki Elkartearekin elkarlanean.

Ekainak 17, ostirala

  • Ikastolak 50 urte ikasturte bukaerako jaialdi berezia (tokia eta ordua zehazteko).