Unai Agirre: "Txapelketatik sagardogileok informazio asko jasoko dugu"

Gipuzkoako Hitza 2015ko ira. 25a, 11:32

Euskal Herriko I. Sagardo Txapelketa Herrikoia antolatuta, aspaldiko amets bat beteko dute; hala dio Unai Agirre Gipuzkoako Sagardogile Elkarteko kideak (Hernani, 1975). Bihar jokatuko da Azpeitiko Berdura plazan, 20:30ean. Gipuzkoako Sagardogile Elkarteak eta Azpeitiko Sagardozale Taldeak antolatu dute, Iraurgi saskibaloi elkartearen laguntzarekin. 250 pertsonarentzako afaltzeko tokia prestatuko dute, eta afalduz sagardoak dastatu eta epaile lanak egingo dituzte afaritara elkartutako denek. 32 sagardogileren sagardoak izango dituzte epaitzeko: bat Lapurdikoa, bestea Bizkaikoa eta beste denak Gipuzkoakoak. Afaritarako txartelak 30 eurotan jarri dituzte salgai: Astigarragan, Gipuzkoako Sagardogileen Elkartean (943-33 68 11 telefonoan); eta Azpeitian, Pastorkua tabernan eta Iraurgi saskibaloi taldeko tabernan.

Zer du berezia sagardo txapelketa honek?

Batetik, herrikoia dela: epaile izan nahi duten denek atea irekita daukate. Beraz, herrikoia den epaile kopuru handi bat daukagu. Gero, beste berezitasuna da janez puntuatzen dela; hau da, afalduz, otorduarekin. Normalean, sagardo asko kontsumitzen da otorduarekin, eta hori ere interesgarria da. Bestetik, dastatzea anonimoa izango da; inork ez daki zeinen sagardoa ari den probatzen; sortaren zenbakia bakarrik jakingo da.

Zergatik egingo duzue Azpeitian Euskal Herriko I. Sagardo Txapelketa?

Gu aspalditik genbiltzan horrelako txapelketa bat antolatu nahian, publikoaren artetik eskaera zegoelako eta sagardogileek ere nahi zutelako txapelketa zabal bat antolatu; nahi zuten sagardogile guztiek parte hartu ahal zezaten. Euskal Herri mailako txapelketarik ere ez da egiten, eta hori ere egin nahi genuen. Azpeitiko sagardozaleekin urtero elkartzen gara Azpeitiko txapelketa dela eta, eta haiei aipatu genien asmoa. Azpeitiarrek berek Azpeitian hasteko proposamena egin ziguten, bertako txapelketak 48. urtea egin duela eta. Ni dokumentu zaharretara joan naiz; 1967an antzeko txapelketak egiten ziren Gipuzkoan, eta Azpeitia azaltzen da finalerdien artean. Beraz, aurreneko honekin pixka bat historia eta Azpeitiko txapelketaren urteak lotuko ditugu.

Elkarrizketa osorik, Gipuzkoako Hitza-ren webgunean.