Eibar jaioterrian egin dizkioten errekonozimenduen ondoren, bizitoki duen Azpeitian tokatu zaio gaur esker ona eta txaloak jasotzea "gero eta azpeitiarragoa" dela aitortu duen Asier Cuevasi. Azpeitiko Udalak harrera egin dio arratsaldean atletari, 100 kilometroko munduko txapeldunorde izan delako, eta opari gisa txapela jantzi dio Eneko Etxeberria alkateak, "lanaren eta sakrifizioaren" eredu delako. Cuevasek lana eta goi mailako kirol jarduera uztartzeko ezinbestekoa duen familiaren eta ingurukoen babesa nabarmendu nahi izan dute bai korrikalariak, bai alkateak, eta Onintza Zeberio emazteak ere hartu du hitza, senarrak duen "meritua" goraipatzeaz bat etxekoentzat "asteburu batzuk" 'eskatuz'. Udal ordezkariez eta familiaz gain, lagun asko izan ditu ondoan Cuevasek harreran (argazkian).