Jatetxeetan bertako produktuen kontsumoa sustatzeko proiektuari jarraipena emango dio Baserritik.com-ek

Uztarria.eus 2015ko ira. 24a, 13:28

Baserritik.com baserritarren elkarteak iaz bertako produktuen kontsumoa sustatzeko ostalariekin abiatutako proiektuarekin jarraitzen du lanean. Eskualdeko jatetxe eta tabernetan bertako baserrietako produktuak kontsumitzea du xede proiektuak, eta iaz hasitako bideari jarraipena emango diote Azpeitiko Kiroldegiko tabernak, Osinazpik, Topak, Zuhatzek, Juantxo Txikik eta Mikel Uriak. "Hemengo baserrietako kalitatezko eta garaiko produktuen alde eginiko apustuari eusten diote, eta astero eskaerak egiten jarraitzen dute", azaldu dute Baserritik.com elkarteko kideek.

Azpeitiko Udalak diru-laguntza emango die proiektuarekin bat egiten duten ostalariei, eta baserriko produktuen erosketaren %50 finantzatuko die erakundeak, 400 eurora bitartean. Datozen asteetan herriko taberna eta jatetxeetara bisitak egingo dituzte Baserritik.com-eko kideek, egitasmoaren berri eman eta diru-laguntzen inguruko informazioa eskaini asmoz. Dena den, diru-laguntzak eskatzeko epea urriaren 31n bukatuko da, eta egitasmoan parte hartzeko interesa duten ostalariek Baserritik.com-era, 619 04 46 72 telefonora, deitu beharko dute.