Oihana Etxaniz: "Baietzaren aldeko alderdiek boto gehiago jasoko dituztela uste dut"

Uztarria.eus 2015ko ira. 24a, 14:20

Sei urte daramatza Bartzelonan bizitzen Oihana Etxanizek (Azpeitia, 1980). Anardi izeneko taberna euskalduna zabaldu zuen duela urtebete Kataluniako hiriburuan, eta han egiten du lan. Bartzelonara iritsi orduko erroldatu zen bertan, eta datozen igandeko hauteskundeetan botoa emateko aukera izango du, baina ez da lehen aldia. Bartzelonara joan zenean ez bezala, orain, edozein elkarrizketatako gai nagusia "independentzia" dela azaldu dio Uztarria.eus-i.

Bartzelonan euskalduna zarela esandakoan, zer esan izan dizute?

Heldu nintzenean Euskal Herriko egoerak gaur egun baino zer esan gehiago sortzen zuen. Egun Katalunia da notizia. Hala eta guztiz, euskalduna izatea ondo ikusita dago hemen, anaitasuna dago katalanen eta euskaldunen artean.

Horra iritsi zinenetik hona, nola aldatu da gizartea Katalunian?

Asko aldatu da egoera. Azken urteetan independentziaren aldarriak indar handia hartu du. Hona heldu nintzenean ez zen independentziaz ia ezer aipatzen, baina gaur egun edozein elkarrizketako gai nagusia bihurtu da.

Igandean hauteskundeak. Bozkatuko al duzu?

Hemen erroldatuta nagoenez, bozkatzeko aukera daukat. Hona heldu nintzenetik, azken sei urteotan, Bartzelonan eman dut botoa.

Hauteskundeen atarian, zer giro dago?

Sekula baino bozkatzeko gogo gehiago dauka jendeak. Entzunak izateko nahia, alegia. Kiniela egitera ausartuko al zinateke? Baietzaren aldeko alderdiek boto gehiago jasoko dituztela uste dut, baina boto horiek nola banatuko diren... ideiarik ez.

Azken asteetan 'beldurraren kanpaina' abiatu dute zenbait hedabidek, alderdik eta politikarik. Zer dago horren atzean?

Estrategia. Ez dakite zer gertatuko litzateken Katalunia independiente egingo balitz. Azken egunetan, enpresariak eta bankuak ere kanpaina egiten hasi dira, kataluniatik kanpora joango direla esanez. Ez dakit zenbat egi dagoen esan horien atzean.

Kataluniako independentistek, berriz, Diada pasatu berritan, indartsu dirudite.

Oso indartsu, eta oso konbentzituta helburua lortzearekin. Aurreko galderaren harira adibide bat jarriko dut. Enpresarien eta bankuen adierazpenei emandako erantzuna garbia da: joan daitezela! Argi dagoena da, azken urteetan indar handia hartu dutela alderdi independentistek eta, gero ta gehiago direla.

Hauteskundeak dira, baina erreferenduma egiteko aukerarik ez duelako utzi Espainiak. Jendeak nola hartu ditu hauteskunde hauek?

Garbi esanda, baietzaren aldekoen edo kontrakoen hauteskundeak dira, eta kanpaina politikoak ere hala izan dira.

Unionistek irabazten badute, argi dago zer gertatuko den. Aldiz, independentistek irabazten badute, zer gertatuko dela uste duzu?

Kanpaina oso gogorra izan da, guztiz independismorantz bideratua. Irabazten badute agindu dutena bete beharko dute. Bestela, bozkatu dieten jendearen desilusioa izugarria izango da.

Euskal Herrian halako aukerarik izango dugula uste al duzu?

Katalunian lortzen badute, baietz iruditzen zait. Baina hemen bezala herritarrek eskatu beharko dute. Hemen orain badirudi politikarien ideia izan dela, baina, egia esan, azken urteetan herritarrak gero eta gehiago mobilizatu direlako iritsi da unea.

Eta erabakitzeko eskubideari dagokionez, zertan gara desberdin euskaldunak eta kataluniarrak?

Hemen dena galtzeko prest daude helburua lortzearren. Ongizatea deritzon hori lortzearren, esan nahi dut. Ez dakit euskaldunok horrenbeste galtzeko prest geundekeen. Galdetzeko aukera izango bagenu!