"Memoria eta egia" aldarrikatu dituzte Otaegiren fusilamenduaren 40. urteurrena gogoratzeko ekitaldien aurkezpenean

Uztarria.eus 2015ko ira. 23a, 21:03
Angel Otaegiren senideek eta hainbat herritarrek aurkeztu dute egitaraua gaur, asteazkena, plazako kioskoan.

Hitzordu nagusia zapatuan izango da Nuarben, baina aurretik erakusketa ibiltari bat, Haizea eta sustraiak dokumentalaren proiekzioa eta hitzaldi bat prestatu dituzte.

Igandean, irailaren 27an, 40 urte beteko dira Francoren erregimenak Angel Otaegi nuarbetarra eta Juan Paredes Manot Txiki zarauztarra, FRAPeko beste hiru kiderekin batera, fusilatu zituenetik. Urteurren borobil hori gogoan, ekitaldi ugari antolatu dituzte aurten, eta horien berri emateko agerraldia egin dute gaur, asteazkena, Otaegiren senideek eta hainbat herritarrek.

"40 urte dagoeneko gertaera latz hartatik. 40 urte gure etxe eta herrian, inoiz ahaztu ezingo ditugu, egun mingarri haiek bizi izan genituenetik", gogoratu dute aurkezpenean. Antolatzaileen esanetan, "ezin da gaurko Euskal Herria ulertu fusilamendu hauen inguruko egia ezagutu gabe. Era berean, ezin da ulertu Txiki eta Otaegiren militantzia, 1936ko altxamendu frankistak utzi zituen zaurien inguruan kontziente izan gabe. Ezin da hamarkadetan pairatzen ari garen gatazka gainditu irtenbide politikorik gabe. Eta irtenbide politikoak nahitaez askatasunaren, egiaren eta memoria kolektiboaren uztartzea exijitzen du".

Aurrera egiteko, ahanzturaren eraginak gainditzearen eta memoria jorratzearen garrantzia nabarmendu dute, "memoria eta egia demokraziaren eta bakearen zutabe nagusienetakoak izan behar dira". Horregatik gonbidatu nahi dituzte "azpeitiar guztiak" gaurtik igandera egingo diren ekimenetan parte hartzera, "iragana ezagutuz Euskal Herri aske bat eraikitzeko gai izan gaitezen".

Egitaraua

Hitzordu nagusia zapatuan izango da Nuarben, baina aurretik erakusketa ibiltari bat, Haizea eta sustraiak dokumentalaren proiekzioa eta hitzaldi bat prestatu dituzte.

  • Irailaren 23tik 26ra, erakusketa ibiltaria. Asteazkenean eta ostiralean Sanagustinpean egongo da, ostegunean anbulatorioaren inguruan, zapatu goizean Nuarben eta arratsaldean Soreasuko sarreran, eta igandean Sanjuandegin.
  • Irailak 24, osteguna: Haizea eta sustraiak dokumentala, 21:30ean Sanagustin kulturgunean.
  • Irailak 25, ostirala: hitzaldia Sanagustinpean, 12:00etan.
  • Irailak 26, zapatua:
    09:00etan, mendi martxaren hasiera, plazatik.
    12:30ean, ekitaldia Nuarben.
    Ondoren, bazkaria. Txartelak Orkatzen daude salgai.