Ezkutuko Altxorrak bisita gidatuen programa aste honetan hasiko da

Uztarria.eus 2015ko ira. 23a, 19:36
Zumarragan aurkeztu dute 2015eko Ezkutuko Altxorrak.

Debagoiena, Urola Erdia eta Urola Garaia eskualdeetako 22 kultur eta turismo baliabide barne hartuko ditu aurten Ignaziotar Lurraldearen barruan antolatutako egitasmoak. Azpeitian lau bisita gidatu antolatu dituzte: gune historikoa ezagutzeko bi (irailaren 26an eta urriaren 11n), eta parrokia eta Madalenako ospitalea ezagutzeko beste bi (azaroaren 21ean eta abenduaren 7an).

Gaur, asteazkena, aurkeztu dute Zumarragan aurtengo Ezkutuko Altxorrak bisita gidatuen egitaraua. Ignaziotar Lurraldea izendapenaren barruan dauden Debagoiena, Urola Erdia eta Urola Garaia eskualdeetako 22 kultur eta turismo baliabide barne hartuko ditu aurten egitasmoak. Aurreko urteetan bezala, Ezkutuko Altxorrak egitarauak bisitariari aukera ematen dio gure lurraldeari estuki lotutako eta normalean ikusten ez diren baliabide historiko, artistiko eta kulturalak ikusi, ezagutu eta interpretatzeko, Loiolako Santutegitik, Antiguako ermitatik edota Arantzazuko Santutegitik haratago.

Azpeitian lau bisita gidatu antolatu dituzte: gune historikoa ezagutzeko bi (irailaren 26an eta urriaren 11n), eta parrokia eta Madalenako ospitalea ezagutzeko beste bi (azaroaren 21ean eta abenduaren 7an). Aurten, gainera, Inaziotar Bidea egiteko bi bisita gidatu berezi prestatu dituzte: Loiola-Zumarraga eta Zumarraga-Arantzazu.

Bisita gidatuak aldez aurretik eskatuta egingo dira. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, erreserbak egiteko azken eguna bisitaren aurreko ostiraleko 12:00ak izango dira. Informazioa eskuratu edota erreserbak egiteko hiru bide daude: info@tierraignaciana.com e-posta helbidea, eskualde bakoitzeko turismo sustapenerako erakundeak (943796463 Debagoienarako, 943722042 Urola Garairako, eta 943851100 edo 943151878 Urola Erdirako) eta www.ignaziotarlurraldea.com webgunea.