Karting eta supermotard erakustaldia antolatu dute zapaturako

Uztarria.eus 2015ko ira. 22a, 21:00
Erakustaldiaren antolatzaileak, probaren aurkezpenean.

Perez Arregi eta Damaso Azkue auzoa bitartean osatuko dute zirkuitua. Bost kategoritan banatuta egingo dituzte lasterketak, hiru kartingekoak eta bi motorretakoak. Lasterketak 15:00etan hasiko dira eta ordu erdi lehenago, 14:30ean, entrenamendu saioak. Antolatzaileek segurtasun guneak eta aholkuak errespetatzeko eskatu dute.

Motor munduaren zaletuek hitzordua izango dute zapatu arratsaldean Azpeitian, karting eta supermotard erakustaldiarekin. Lasterketak 15:00etan hasiko dira eta ordu erdi lehenago, 14:30ean, entrenamendu saioak. Entrenamendu libre eta kronometratuak egingo dituzte aurrena, eta finalaurrekoak eta finala ondoren.

Perez Arregi plazan hasi eta bukatuko den zirkuitua Damaso Azkue auzoan zehar luzatuko da. Perez Arregitik liburutegi atzekalderaino, han biribilgunea hartu eta trenaren museo aldera, eta Urola kaletik behera Soreasurako zubia hartuta itzuliko dira hasierara parte-hartzaileak.

Bost kategoriatan banatuta egingo dute erakustaldia, hiru kartingekoak eta bi motorretakoak. Alebin-kadeteak, automatikoak (X30 eta DD2) eta abiadura-aldagailudunak (KZ2) dira kartingeko hiru kategoriak, eta mini-motoak eta supermotardak, berriz, motorretakoak. Orain arte, 25na parte-hartzailek emana dute erakustaldirako izena, kartingerako eta motorretarako. Egunean bertan ere irekiko dute izen-ematea Etxe-Zuri tabernan, 11:00etatik 12:30era. Lasterketen aurreko azalpenak emateko antolatzaile eta parte-hartzaileen arteko bilera ere taberna horretan egingo dute, 14:00etan.

Segurtasuna kezka

Erakustaldiaren aurkezpenean, antolatzaileek indar berezia jarri dute segurtasun neurrietan eta horiek errespetatzeak duen garrantzian. Horrela, segurtasun guneak eta aholkuak errespetatzea eskatu dute, "oso inportante da hori". Gogora ekarri dute zirkuitua mugatzeko lasto-fardoak jarriko dituztela eta horien atzean hesiak, "eta ikusleak hesien atzetik jarri behar dira beti". Bestetik, zirkuitua ezin dela gurutzatu gogorarazi dute. "Proba batetik besterako tarteetan, komisarioek baimena emandakoan eta horretarako prestatutako trokiak erabiliz bakarrik izango da posible" zirkuitua gurutzatzea. Eta debekatutako tokietan -zinta gorriak jarriko dituzte haietan- ezingo da ikuslerik jarri.

Perez Arregi plazan karpak, eszenatokia eta abarrak jarriko dituzte antolatzaileek. Hori dela eta, gune horretan jendea ez pilatzea ere eskatu dute.