32 sagardotegik hartuko dute parte Euskal Herriko I. Sagardo Txapelketa herrikoian

Uztarria.eus 2015ko ira. 22a, 13:56

Irailaren 26an izango da txapelketa, 20:30ean, Azpeitiko Berdura plazan. Azpeitiko Sagardozaleen Elkarteak eta Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak antolatu dute. Afaritarako sarrerak salgai daude dagoeneko.

Euskal Herriko I. Sagardo Txapelketa Herrikoia egingo da zapatuan, Berdura plazan. Azpeitiko Sagardozaleen Elkarteak eta Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak antolatu dute txapelketa, azken horretako kideek azaldu dutenez, "historikoki egin izan dira halako txapelketak eta usadioari heldu eta sagardo onenak zaletuen esku jarri nahi izan ditugu". Izan ere, afaltzera bertaratzen diren herritarrek erabakiko dute zein sagardotegi den txapelduna. Afaldu bitartean txapelketan parte hartu duten 32 sagardotegietako sagardoak dastatu ahalko dituzte herritarrek, baina ez dute jakingo zein ari diren probatzen.

Herritarrak afaltzen hasi orduko hasiko dira antolatzaileak sagardoa ateratzen. Bertaratzen den jendea lau multzotan banatuko dute, eta zozketan egokitutako sagardoak dastatuko ditu talde bakoitzak. Lehen fase horretan puntu gehien lortzen duten zortzi sagardoak igaroko dira bigarren fasera, eta afaltzen dauden pertsona guztiek probatuko dituzte zortzi horiek. Horrela erabakiko da zeintzuk diren sagardo garaileak.

30 euro ordaindu beharko da afaritarako sarrera, eta Pastorkuan, ISBn, Añotan eta Gipuzkoako Sagardogileen Elkartean (943 33 68 11 telefonora deituta) eskuratu ahal izango dira. Ondorengoa izango da afaritarako menua: bakailao ajoarrieroa, lumagorri oilaskoa parrilan, basatxerri solomo-burua eta inguruko artzainen Idiazabal gaztak.

Guztira 32 sagardotegik hartuko dute parte txapelketan. Horietatik bi ezik beste guztiak Gipuzkoako sagardotegiak dira: Aburuza (Aduna), Alberro (Hernani), Alkarregi (Hernani), Añota (Azpeitia), Astarbe (Astigarraga), Astiazaran (Donostia), Axpe (Markina-Xemein), Bereziartua (Astigarraga), Beltzenia (Urruña), Ekain (Zestoa), Eula (Urnieta), Calonge (Donostia-Igeldo), Iparragirre (Hernani), Irigoien-Herrero (Astigarraga), Itxasburu (Astigarraga), Izeta (Aia), Larrarte (Astigarraga), Larre Gain (Hernani), Lizeaga (Astigarraga), Oiarbide (Astigarraga), Oiharte (Zerain), Ola (Irun), Olagi (Altzaga), Otsua Enea (Hernani), Petritegi (Astigarraga), Rezola (Astigarraga), Rufino (Hernani), Saizar (Usurbil), Satxota (Aia), Setien (Urnieta), Urdaira (Usurbil) eta Zabala (Aduna).