2014ko Trofeo Gipuzkoa argazki lehiaketan saritutako lanak Betharramen

Uztarria.eus 2015ko ira. 21a, 20:48

Igande honetan, irailak 27, bukatuko da Betharramen 2014ko Trofeo Gipuzkoa argazki lehiaketan saritutako lanen erakusketa. Nazioartean oihartzun nabarmena duen lehiaketa da Trofeo Gipuzkoa. Horren erakusgarri, iazkoarekin XLII. edizioa bete zuela eta 4.511 lan aurkeztu zituztela bertara, 44 herrialdetako argazkilariek egindakoak. Betharrameko erakusketan saritutako 45 argazkiak ikus daitezke. Tartean dira argazki onenaren saria irabazi zuen Marco Bertolini italiarrarena eta etxeko argazkilari batena ere bai, Azpeitiko Argazki Elkarteko kide den Iñigo Olarterena. Astegunetan 18:00etatik 20:00etara irekiko dute erakusketa, eta 12:00etatik 14:00etara asteburuan.