'Txiki' eta Otaegi gogoan izango dituzte, haiek hil zituzten 40. urteurrenean

Uztarria.eus 2015ko ira. 17a, 14:45
Otaegiri iaz Nuarben egindako omenaldiko irudi bat.

Datorren igandean, irailaren 27an, 40 urte beteko dira Francoren erregimenak Angel Otaegi, Juan Paredes Manot Txiki zarauztar etakidea eta FRAPeko beste hiru kide hil zituztenetik. Hainbat ekitaldi antolatu dute haiek omentzeko. Besteak beste, ekitaldia egingo dute hilaren 27an Zarautzen, eta Azpeitian ere oroimen egitasmo ugari izango da datorren astean.

Datorren igandean, irailaren 27an, 40 urte beteko dira Francoren erregimenak Angel Otaegi, Juan Paredes Manot Txiki zarauztar etakidea eta FRAPeko beste hiru kide hil zituztenetik. Urteurrenaren harira, hainbat egitasmo eta omenaldi egingo dituzte datorren astean.

Gaur, osteguna, aurkeztu dute Txiki eta Otagiren senideek, Egiari Zor fundazioak, eta Goldatu, Intxorta 1937 eta Ahaztuak 1936-1977 elkarteek datorren iganderako, hilak 27, antolatu duten ekitaldia, eta atxikimendua agertu du Frankismoaren Aurkako Euskal Plataformak ere. Bertan izan dira Perdi eta Mikel Paredes Txikiren anaiak, Mertxe Urtuzaga Otaegiren lehengusua, eta memoriaren elkarteetako ordezkariak.

Zarautzen egingo dute ekitaldia, eta antolatzaileek azaldu dutenez, Euskal Herria "1975eko bidegurutzean" dago. "Erreformaren erreforma, edo estatuaren benetako demokratizazioa", Josu Ibargutxi Goldatu kidearen hitzetan. "Frankismoak ito zuen aukera demokratikoari bide emateko aukera dagoela uste dugu", esan du.

Horretarako, 1975eko irailaren 27an fusilatutakoen "konpromisoa hartu eta gaurkotzea" garrantzitsua dela uste dute, eta horixe aldarrikatuko dute hilaren 27an egingo duten ekitaldian. Egia bide, askatasuna amets lelopean, Zarauzko Aritzbatalde pilotalekuan izango da ekitaldia, 13:00ean hasita. 

"Ez dugu urteurren hau pasatzen utzi nahi", esan dute: "Hamarkadetako gatazka gainditzeko aukera historikoak irtenbide politikoa exijitzen du, askatasuna, egia eta memoria kolektiboa uztarturik. Askatasunaren erronka gorena hori baita: pertsona guztien eskubide guztiak eta herritarron borondatea errespetatzeko hitza barne hartzen dituena".

Azpeitian ere urteurren ekitaldiak

Otaegi hil zutela 40 urte beteko direla eta oroimen ekitaldi ugari izango da datorren astean Azpeitian. Hala nola, erakusketa ibiltaria egingo dute irailaren 21etik 27ra bitartean. Irailaren 24an, Haizea eta sustraiak dokumentala izango da ikusgai, 21:30etik aurrera, Sanagustin kulturgunean. Irailaren 25ean, berriz, hitzaldia eskainiko dute udaletxe azpian, 12:00etan.

Irailaren 26an Nuarbera mendi martxa egingo dute 09:00etan plazatik abiatuta. Izan ere, Nuarben, Otaegiren jaioterrian, egingo dute hura omentzeko ekitaldia, 12:30ean hasita. Ondoren, bazkaria izango da bertan eta sarrerak salgai daude dagoeneko Orkatz kultur elkartean.

2011ko ekainean onartu zuen Eusko Jaurlaritzak, 1960 eta 1978. urtea bitartean Espainiako estatuaren gehiegikeriak jasandako biktimei aitortza egiteko eta ordaina emateko dekretua. Tartean, Otaegi ere biktima gisa aitortu zuen, eta Uztarria.com-ek elkarrizketa egin zion haren lengusu Mertxe Urtuzagari.

2001ean Iban Arregik Angel Otaegiri buruzko liburua idatzi zuen, Uztarriaren liburuxka biografikoen bildumaren baitan