Frankismoaren azken fusilamenduen gaineko liburua aurkeztuko dute ostegunean Donostian

Uztarria.eus 2015ko ira. 16a, 19:29

Mañana cuando me maten idatzi du Carlos Fonsecak, besteak beste Txiki eta Otaegi hil zituztela 40 urte betetzear direnean. Mertxe Urtuzaga Angel Otaegiren lehengusua eta Mikel Paredes Txikiren anaia aurkezpenean izango dira.

Francoren erregimenak Angel Otaegi nuarbetarra, Juan Paredes Manot Txiki zarauztarra eta FRAPeko hiru kide fusilatu zitueneko 40. urteurrena beteko da datorren irailaren 27an. Urteurren horrekin bat eginez, Mañana cuando me maten liburua idatzi du Carlos Fonsecak. Donostiako Elkar aretoan aurkeztuko du bere lana Fonsecak bihar, irailak 17, eta alboan izango ditu aurkezpenean Mertxe Urtuzaga Angel Otaegiren lehengusua eta Mikel Paredes Txikiren anaia.

Protagonisten, senitartekoen, lagunen, abokatuen eta militantzia kideen lekukotzak jaso ditu Fonsecak liburuan eta, horiekin batera, orain arte argitaratugabeko agiriak ere bai.