Azoka Herritik

Azoka Herritiken baitan, Urola Gustagarri eta bertako produktuen azoka

Uztarria.eus 2015ko ira. 16a, 15:01

Azoka Herritiken baitan, Urola Gustagarriren hirugarren edizioa abian izango da datozen bi asteburuetan, herriko hainbat jatetxetan. Iraurgi Berritzenen eta Urkomeren egitasmoa da Urola Gustagarri, eta "bertako produktuei balioa ematea" da ekimenaren helburua. Urola Gustagarriren harira herriko sei jatetxek eskainiko dituzten menu berezi guztiak produktu ekologikoz osatuko dituzte. "

Jai-Alaik, Kirurik, Larrañagak, Lau-Bidek, Mikel Uriak eta Sagasti-Zaharrek eskainiko ditu datozen bi asteburuetan (irailak 18, 19 eta 20; eta irailak 25, 26 eta 27) menu bereziak. Jatetxe guztietako menuak, hemen.

Produktuen azoka

Ostiral arratsaldean eta zapatu goizean bertako baserritarrek eta ekoizleek euren produktuak salduko dituzte plazan izango den azokan. Ondorengo ekoizleek hartuko dute parte bertan: Arreta (Beizama, gazta), Arrigain (Azpeitia, barazkiak eta gazta), Atxola (Azpeitia, barazkiak eta sendabelarrak), Baserritik (Azpeitia, baserritarren elkartea), Ekain (Zestoa, sagardo ekologikoa), Enparangain (Azpeitia, barazkiak), Errezilgo Azoka (Errezilgo produktuak), Etxearreta (Loiola, barazkiak), Ertxiñeko arrautza ekologikoak (Aizarna), Galarraga gazta (Errezil), Irure-Txiki (Errezil, produktu ekologikoak), Ondarre (Errezil, barazkiak), Premietxeberri (Azpeitia, gazta), Sakona-Komuntzo etxalde ekologikoa (Azpeitia, barazkiak), Santakutz (Azkoitia, fruta eta kontserbak), Solaka (Errezil, ogia), Txanton (Azpeitia, barazkiak eta landareak), Txarabarren (Urrestilla, barazkiak eta loreak), Unanue (Azpeitia, sagardo ekologikoa), Urkizahar (Beizama, txakolin ekologikoa) eta Xoxote (Azpeitia, gazta).

Azokan erosketak egiten dituzten guztiek poltsa berrerabilgarriak jasoko dituzte, eta erosle guztien artean produktuz osatutako otarrea zozkatuko dute.

Dastaketa Ertxiñeko arrautzekin

Zapatuan, hilak 19, Ertxiñeko arrautza ekologikoekin egindako pintxoak dastatzeko aukera izango da plazan. Sagasti-Zahar jatetxeko sukaldariak prestatuko ditu pintxoak, 12:00etatik aurrera, doan. 

Gainera, txikienentzat sukaldaritza tailerra eskainiko du Jauzika Heziketa Elkarteak, udaletxe azpian. 11:00etatik 13:30era bitartean izango da tailerra, eta nahi duen orok hartu ahal izango du parte.

Bestalde, Biolur elkarteak elikagai ekologikoen inguruko informazioa eskainiko du ostiral eta zapatuan, plazan.