Urriaren 9tik 11ra VI. Tuba Jaialdia izango da

Urola Kostako Hitza 2015ko ira. 16a, 14:00
Azpeitiko VI. Tuba Jaialdiaren aurkezpena Sanagustin kulturgunean. (Nerea Uranga/Hitza)

Kepa Junkera eta Sorginak-en kontzertuarekin hasiko dute VI. Tuba Jaialdia. Junkerak Sanagustin kulturgunean joko du urriaren 9an (ostirala), 22:00etan. Urriaren 11n, igandean, Tuba Eguna egingo dute.

"Urtez urte hazten ari den ekitaldia da Azpeitiko Tuba Jaialdia", hala dio Agustin Jimenez Azpeitiko Metal Boskoteko kideak eta antolatzaileak. "2010ean hasi ginen eta urtetik urtera lagunak eta aukerak gehitzen joan da". Urriaren 9tik 11ra arterako antolatu dute seigarren edizioa. Bonbardinoa aitzaki hartuta lau kontzertu, tailerrak, masterclass-a eta hitzaldia antolatu dituzte jaialdia osatzeko.

Kepa Junkera eta Sorginak-en kontzertuarekin hasiko dute VI. Tuba Jaialdia. Junkerak Sanagustin kulturgunean joko du urriaren 9an (ostirala), 22:00etan. Kontzerturako sarrerak saltzen jarri dituzte Juantxo Txiki tabernan, Sanagustinen eta Internetez. Sarrera aurrez 12 euro da eta egunean bertan 15 euro. "Jaialdi batean Junkera ezagutzeko aukera izan genuen, eta kontzertu hau antolatzeko aukera izan dugu oraingoan. Kontzertuaren bukaeran tubarekin parte hartuko dugu", azaldu du Jimenezek.

Urriaren 10ean, larunbatean, instrumentu bakoitzeko tailer desberdinak egingo dituzte taldeka. "Gipuzkoan horrelakoak egiteko aukera gutxi dago, eta hainbat tokitatik etorritako irakasleak ariko dira. Tailerrez gainera, ikasle aurreratuei zuzendutako masterclass bat ere antolatuko da". Tailerretakoaren emaitza 13:00etan udaletxeko ganbaran emango duten kontzertuan entzungo da gero. Horrez gain, David Muñozen hitzaldia izango da. 20:00etan, Azpeitiko Musika Bandarekin kontzertu bat emango dute.

Urriaren 11n, igandean, Tuba Eguna egingo dute. Egun horretan, herriko plazako kioskoan kontzertua emango dute. Tuba Jaialdiko ekitaldietan parte hartzeko tubajaialdia@gmail.com helbidera idatzita eman daiteke.