Soreasu kulturguneko lokal berria ezagutzeko aukera izango da ostegunean

Uztarria.eus 2015ko ira. 15a, 19:10

Udal Musika Bandak eta Julian Barrenetxea Abesbatzak lokala estreinatuko dute (argazkian) ostegunean, hilak 17, Soreasu kulturgunean. Inaugurazio ekitaldian entsegu irekia egingo dute bi taldeek eta, horrekin batera, gune berria bertatik bertara ezagutu nahi dutenentzat ate irekien jardunaldia antolatu dute. "Modu honetan, herritarrak ostegunean Soreasura gerturatzera gonbidatu nahi dira, herriko musikarien gune berria ezagutzeko", esan dute Udaleko arduradunek.

Musikari eta kantarien egoitza berria ezagutu nahi duten herritarrek 20:30ean dute hitzordua, eta 21:00etan hasiko da entsegua. Josu Labaka Kultura zinegotzia bertan izango dute zain, gune berriaren gaineko azalpenak eta informazioa emateko.