Maria Jesus Aranburu, Gipuzkoako EAJko zerrendaburuaren ordezkoa Senaturako hauteskundeetan

Uztarria.eus 2015ko ira. 19a, 00:13
Maria Jesus Aranburu artxiboko irudi batean. (Euskonews.com)

Alderdiaren Aberri Batzarrak behin betiko zerrendak onartu ditu. Aranburuk ibilbide luzea du politikagintzan; besteak beste, Gipuzkoako Kultura eta Euskara diputatua izan zen bi agintalditan.

EAJren Aberri Batzarrak, gaur Bilbon ezohiko bileran bilduta, aho batez berretsi ditu herrialdeetako batzarrek Espainiako Kongresurako eta Senaturako hauteskundeetarako onartutako zerrendak. Hauek behin betikoak dira, beraz, eta Maria Jesus Aranburu (Azpeitia, 1948) Senaturako bozetan Maria Eugenia Iparragirre Gipuzkoako zerrendaburuaren ordezkoa izango da. Iparragirreren beste ordezkoa, Carlos Ormazabal izango da.

Gipuzkoan Senatuko zerrendan bigarren hautagai Bitoriano Gallastegi hautatu du EAJk. Haren ordezkoak, Irune Berasaluze eta Edurne Egaña. Imanol Kerejeta izango da hirugarrena herrialdeko zerrendan, eta ordezkoak, Xabier Zabala, Maria Luisa Ustarroz.

Kongresurako hauteskundeetarako EAJren Gipuzkoako zerrendaburua Joseba Agirretxea aukeratu dute.

Abenduaren 13an edo 20an izango dira Espainiako hauteskundeak.

Maria Jesus Aranburuk ibilbide luzea du politikagintzan. 1983an hartu zuen Kultura eta Euskara arloko zinegotzi kargua Azpeitiko Udalean, EAJren zerrendan independente gisa aurkeztu ostean. Udala utzi eta gero, 1987an afiliatu zen Eusko Alderdi Jeltzalean. 1991n Gipuzkoako Foru Aldundira egin zuen jauzia, eta 1995 urtera bitartean Kultura diputatu izan zen azpeitiarra. Ondorengo lau urteetan, 1995-1999 urteen artean, GFAren Gizarte Ekintzako zuzendaria izan zen eta 2003an diputazioko Kultura sailera itzuli zen, Kultura zuzendari moduan. Ondoren, 2007-2011 agintaldian, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Euskara diputatua izan zen.