Euskal Herriko I. Sagardo Txapelketa herrikoia jokatuko da irailaren 26an

Urola Kostako Hitza 2015ko ira. 14a, 12:01
Ostiralean aurkeztu zuten Azpeitian jokatuko den Euskal Herriko I. Sagardo Txapelketa Herrikoia. (Nerea Uranga/Hitza)

Irailaren 26an izango da txapelketa, 20:30ean, Azpeitiko Berdura plazan. Azpeitiko Sagardozaleen Elkarteak eta Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak antolatu dute.

"Aspaldiko ametsa" beteko dute irailaren 26an Azpeitiko Sagardozale Elkarteak eta Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak: Euskal Herriko I. Sagardo Txapelketa jokatuko da Azpeitian."Aspalditik era honetako txapelketa bat antolatzearen inguruan hitz egiten ari ginen, eta antolatu dugu. Irailaren 26an jokatuko da Azpeitian", esan zuten ostiralean Azpeitiko Añota sagardotegian egindako aurkezpenean. Iaz antolatzeko bidean izan ziren, baina azkenean aurten gauzatuko dute. Berdura plazan egingo da txapelketa, afalduz, eta afaltzera joaten direnek sagardo denak dastatu eta puntuatuko dituzte, eta bertan aukeratuko dute txapelduna.

Azpeitia aukeratzeko orduan, bertako sagardozaletasuna eta Azpeitian Santio egunez egiten den sagardo txapelketaren tradizioa izan dituzte kontutan; aurten Azpeitiko 48. Sagardo Txapelketa egin da.

Afaltzera elkartutakoek, zortzinako taldetan, sagardoak puntuatuko dituzte, eta aurrena zortzi onenak aukeratuko dituzte. Ondoren, zortzi horiek dastatu eta erabakiko dute sagardorik onena. Dastatzeko orduan epaile izango diren afarikideek ez dute jakingo zein sagardo dastatzen ari diren, bukaera arte ez dira jakingo loteak zein sagardogilerenak diren.

Historikoki egin izan dena

Historikoki horrelako txapelketak egin izan direla azaldu du Gipuzkoako Sagardogile Elkarteko Unai Agirrek: "1967tik aurrera zenbait txapelketa herrikoi antolatu zituen orduko sagardogileen elkarteak, herri desberdinekin elkarlanean". Orain asmoa, lehen txapelketa egin eta "sare hori berreskuratzea" dute: "Oraingo hau horretarako lehen harria izango da". Datorren urtetik aurrera, herriz herri egiten diren txapelketak eta sare horretan sartzeko interesa duten txapelketekin antolatu nahi dute txapelketa herrikoia, "sare horretan sarituak izan diren sagardogileen final handi bat antolatuta". Hala ere, Azpeitiko Sagardozaleen Elkarteak Euskal Herriko Sagardo Txapelketaren hirugarren edizioa Azpeitian egiteko eskatuta du: "Orduan Azpeitiko Sagardo Txapelketak 50. urteurrena beteko baitu".

Afaria

Irailaren 26an izango da txapelketa, 20:30ean, Azpeitiko Berdura plazan. Afari horretara joan eta era berean txapelketako epaile bezala aritzeko aurrez txartela erosi behar da, 30 eurotan. Txartelak salgai daude Azpeitiko Pastorkua tabernan eta Iraurgi Saskibaloi Taldearen ISB tabernan eta Astigarragan Gipuzkoako Sagardogileen Elkartean (943 33 68 11). Plazak mugatuak izango dira, 250 lagunentzako tokia egongo da.Afaria bertako produktuekin osatutakoa izango da.

Sagardogileak

Nahi duten Euskal Herriko sagardogile guztiek parte hartzeko aukera izango dute aldez aurretik izena emanda. Izena emateko epea irailaren 15era artekoa da. Ostirala bitartean 29 sagardotegik zuten izena emanda: Aburuza (Aduna), Alberro (Hernani), Akarregi (Hernani), Añota (Azpeitia), Astarbe (Astigarraga), Astiazaran (Donostia), Axpe (Markina-Xemein), Bereziartua (Astigarraga), Beltzenia (Urruña), Eula (Urnieta), Calonge (Donostia-Igeldo), Iparragirre (Hernani), Irigoien-Herrero (Astigarraga), Itxasburu (Hernani), Izeta (Aia), Larrarte (Astigarraga), Larre Gain (Hernani), Lizeaga (Astigarraga), Oiharte (Zerain), Ola (Irun), Olagi (Altzaga), Otsua Enea (Hernani), Petritegi (Astigarraga), Rezola (Astigarraga), Rufino (Hernani), Saizar (Usurbil), Setien (Urnieta), Urdaira (Usurbil) eta Zabala (Aduna).