Bi kontainer bete dituzte ibaitik ateratako hondakinekin

Uztarria.eus 2015ko ira. 11a, 18:52

Azpeitiko Udalak herriko ikastetxeekin eta Baigera jubilatuen elkartearekin elkarlanean antolatutako ibai garbiketa gaur, ostirala, egin dute; 200 herritar baino gehiagok hartu dute parte ekimenean. Ibaietan zaborra pilatzen jarraitzen dugula erakutsi du, aurten ere, ibaia garbitzeko saioak: guztira, obretan erabiltzen diren bi kontainer bete dituzte Urola ibaitik jasotako hondakinekin. Ibai garbiketan parte hartu duten guztiei eskerrak eman dizkie Udalak, herritarrei arduraz jokatzeko deia luzatzearekin bat. "Garbiketa urtero egiten dugun arren, hondakin asko biltzen jarraitzen dugu. Aurten beste bi edukiontzi handi bete dira. Horregatik, herritarrei arduraz jokatzea eskatu nahi diegu, eta ahalik eta hondakin gutxien sortzeko bidea prebentzioa dela gogoratu", adierazi du Ainhoa Beristain zinegotziak.