Baigeraren ikastaroetan izena emateko epea zabalik da

Uztarria.eus 2015ko ira. 10a, 18:30

Betiko ekintzez gain, aurten marrazketa eta pintura emateko asmoa dute jubilatuen elkartean, "baldin eta jendea apuntatuko balitz". Ikasturte berrian zehar hainbat hitzaldi eta hileroko ibilaldi eta irteerak ere antolatuko dituzte. Zerbitzuei dagokienez, berriz, podologia eta ile-apaindegiarena mantendu egingo dituzte, eta masaje zerbitzu berria abian jartzeko asmoa azaldu dute.

Herriko beste hainbat elkartek eta taldek bezala, Baigera jubilatuen elkarteak ere ireki du ikasturte berrian zehar herriko erretiratu eta pentsiodunentzat emango dituen ikastaroetan izena emateko epea. Aurten ere yoga, gimnasia, kakorratz-lan edo gantxilo, eskulan eta dantza ikastaroak emango ditu Baigerak eta, horiekin batera, marrazketa eta pintura emateko asmoa ere azaldu dute, "baldin eta jendea apuntatuko balitz". Hain zuzen ere, ikastaro guztietarako "izen-ematea ahalik eta azkarren egitea komeni" dela azaldu dute Baigerakoek.

Ikasturte berrian zehar hainbat hitzaldi eta hileroko ibilaldi eta irteerak ere antolatuko dituzte. Zerbitzuei dagokienez, berriz, podologia eta ile-apaindegiarena mantendu egingo dituzte, eta masaje zerbitzu berria abian jartzeko asmoa azaldu dute, "Baigeran bertan".

"Jubilatzea ez baita dena uztea"

Pentsiodun guztiak "animatu" nahi ditu Baigerak elkarteko bazkide izatera, ekintza horietan guztietan, ibiladi-irteeretan eta Baigerako bi tabernetan prezio merkeagoak izateaz gain, "ikastaroetan parte hartuz, gauza berriak ikusiz eta biziz, lagunarte ederrean lagun berriak egiteko aukera izaten baitugu". "Jubilatzea ez baita dena uztea -diote Baigeran-, baizik eta egoera berri batean biizitza aktiboa era berri batean gauzatzea, gero eta bizi-itxaropen luzeagoa baitugu".