Udal Euskaltegiko ikastaroetan izena eman daiteke hilaren bukaerara bitartean

Uztarria.eus 2015ko ira. 10a, 12:19
Josu Labaka eta Ainara LarraƱaga.

Izena emateko epea hil honen amaierara artekoa da, eta matrikula Euskara Patronatuan bertan egin behar da (Musika eskolaren beheko solairuan). Ikasleei erraztasunak eman asmoz, langabezian dauden herritarrek ez dute matrikula ordaindu beharko.

Azpeitiko Udal Euskaltegiak 2015-2016 ikasturterako matrikulazio epea zabaldu du eta Udalaren izenean, Josu Labaka eta Ainara Larrañaga zinegotziek, herritarrak bertan izena ematera animatu nahi izan dituzte. Euskara ikasi nahi duten herritarrek hainbat ikastaroz gozatu ahal izango dute. Izan ere, maila desberdinetako ikastaroak eskainiko dituzte ikasturtean zehar, Euskarak batzen gaitu lelopean.

"Azpeitia oso herri euskalduna da, euskara da bertako hizkuntza, eta bizitza ia guztia euskaraz egiten da", azaldu dute zinegotziek. "Horregatik, oso garrantzitsua da euskara ez dakitenek hizkuntza ikastea, kohesio sozialerako erreminta boteretsua dela uste dugu, harremanak erraztuko baitizkie. Euskaldun berrientzat ez ezik, euskaldun zaharrentzat ere formaziorako eskaintza izango da, izan ere, beharrezkoak diren titulu guztiak eskuratzeko aukera emango da, beti ere, ikasle bakoitzaren erritmora eta beharretara egokituta", adierazi du Udaleko Euskara batzordeburu Josu Labakak. 

Horrela, urrian hasiko den ikasturtean, ohiko tituluez gain, lan munduan beharrezkoak diren tituluak eskuratzeko aukera izango dute ikasleek: B1 (1.maila), B2 (2. maila), C1 (3. maila, EGAren baliokidea) eta C2 (4. maila). Aurten, gainera, A1 eta A2 oinarrizko titulu berriak lortu ahal izango dira, aipatutako ohiko tituluez gain.

Langabeek, doan  

Izena emateko epea hil honen amaierara artekoa da, eta matrikula Euskara Patronatuan bertan egin behar da (Musika eskolaren beheko solairuan). Ikasleei erraztasunak eman asmoz, langabezian dauden herritarrek ez dute matrikula ordaindu beharko eta gainerako ikasleek bekak eta laguntzak jasotzeko aukera izango dute. Horrez gain, klaseen %85eko asistentzia betetzen duten ikasleei matrikularen dirua itzuliko zaie.

Informazio gehiago nahi izanez gero, 943 81 19 47 telefonora deitu, euskaltegia@erabili.eus helbidera idatzi edo Udal Euskaltegira bertaratu beharko da.