Urola ibaia garbitzeko saioa antolatu du Udalak ostiralerako

Uztarria.eus 2015ko ira. 8a, 18:41
2014ko ibai garbiketan parte hartu zutenak eta jasotako zaborra edukiontzietan.

Herriko ikastetxeek eta Baigera jubilatuen elkarteak bat egin dute ekimenarekin, eta nahi duten herritar guztiek ere har dezakete parte. Parte-hartzaileak 09:00etan elkartuko dira plazan, taldetan banatu eta eskularruak jasotzeko, bakoitzari dagokion ibai zatira abiatu aurretik.

Azken urteetan ohiko bihurtu den ibai garbiketa saioa antolatu du ostiralerako, irailak 11, Azpeitiko Udalak. Azpeitiko Ikastola Ikasberrik, Iraurgi Ikastetxeak eta Urola Ikastolak bat egin dute ekimenarekin eta, horrela, 200dik gora haur eta gaztek hartuko dute parte garbiketa lanetan. Eta horiekin batera, Baigera jubilatu elkarteko kideak ere batuko zaizkio lanari.

Dena den, ibaia garbitzeko saioan nahi duten herritar guztiek izango dute parte hartzeko aukera. Udalak "dei berezia" egin nahi die azpeitiarrei, "izan ere, laguntza txikia izanda ere, eskertzekoa izango da. Guztion ardura da gure ibaiak eta gure ingurumena zaintzea, guztion ondare baliotsuena delako. Egin dezagun elkarlanean", luzatu du gonbita Ainhoa Beristain zinegotziak. Parte hartu nahi dutenek ostiralean 09:00etan dute hitzordua herriko plazan. Han, taldetan banatu eta lanerako eskularruak emango zaizkie. Urola ibaia sei gunetan banatuko dute: Loiola-igerilekua, igerilekua-plaza, plaza-Ibai Eder kalea, plaza-Madalena, Madalena-Ezkuzta eta Ezkuzta-Basabe baserria. Talde bakoitzak ibai zati bat garbituko du.

Garbiketa 11:30ak arte egingo da eta jasotako hondakinak plazan jarriko dituzten edukiontzietan jarriko dituzte, ikusgai. Jarraian, garbiketan parte hartzen dutenei hamaiketakoa eskainiko diete udaletxeko arkupetan.