Saharako errealitatea, modu gordinean

Uztarria.eus eta Urola Kostako Hitza 2015ko ira. 4a, 12:34

Bilbotik Marrakechera joan ziren Alain Arruti eta Beñat Aldalur azpeitiarrak eta Irati Labaka beizamarra, abuztuaren 7an. Askapena erakunde internazionalistarekin bidaiatu zuten hara, beste lau lagunekin. Erakundearen beste bidaia batzuen gisan, Saharako herriaren berri izatera eta haiei Euskal Herriko testuingurua azaltzera joan ziren. Ezagutu zuten Sahara, modu gordinenean, ordea: bigarren egunean kanporatu egin zituen handik.

Marokoko mugan dagoen herri batetik sartu ziren Saharara. "Muga pasatzeko hiru kontrol igaro genituen; eta, itxuraz, ez genuen izan arazorik", azaldu du Arrutik. Gaua pasatu zuten, eta eguna argitzerako hasi ziren gazteak sahararrekin biltzen. "Bi ordura azaldu zen polizia lokal azpira, eta behera jaisteko esan ziguten", adierazi du. Brigadisten hitzetan, pasaporteak eskatu zizkieten, eta "ofiziala ez zen" auto batean sartu zituzten: "Poliziak zirela esan ziguten, baina ez zuten erakutsi identifikaziorik. Ez genekien zer ari zen gertatzen, nora eramango gintuzten".

Mugako kontrol batera eraman zituzten poliziek; eta, azaldu dutenez, banaka sartu zituzten galdetegiak egiteko geletara. Labakaren arabera, poliziek aitzakia gisa jarri zuten "baldintza turistikoak" ez zituztela betetzen, baina dokumentazio guztia zuten erakusgarri gazteek. Beraz, Beizamakoak azaldu duenez, poliziek aldatu egin zuten bertsioa, eta esan zuten "Saharako terroristekin biltzen" egon zirela: "Hori ere ez zen egia, inolaz ere". "Bi ordu ingurukoa izan zen galdeketa, eta bukatzean eman zizkiguten pasaporteak. Saharan ezin genuela egon esan ziguten, eta hamasei orduko bidaia egin genuen Agadir udalerria arte", esan du Arrutik.

Hiru gazteen arabera, "atzetik" sumatu zuten polizia uneoro. "Goizeko ordubietan iritsi ginen, hotelak itxita zeuden. Taxia hartu, eta Marrakechera joan ginen, eta bidean berriro gelditu gintuzten. Tentsioko momentua izan zen", azaldu du Arrutik.

Egonaldia, Marokon

Gazteek erabaki zuten Marokon egingo zutela egonaldia; horrela, Saharan bizi ez diren sahararren egoera eta iritzia ezagutzeko. Halaxe egin zuten. Saharako preso politikoen senideekin bildu ziren han, esate baterako.

"Saharara joatea pentsatu genuen ezagutu nahi genuelako Marokok Saharan okupatuta duen lurraldean zer errealitate dagoen", esan du Aldalurrek. "Oso gune militarizatua" dela esan dute: "Gaur egun, Saharako jendeak debekatua du beraien hizkuntza, bizi-eskubideak urratzen dizkiete eta batzuk bidali ere egin dituzte".

Gazteek salatu dute Frantziako eta Espainiako enbaxadetara joan arren, ez zutela inolako laguntzarik jaso. "Argi esan ziguten gure eskubidea zela laguntza eskatzea, baina laguntzea beraien esku zegoela", esan du Labakak. Poliziaren tratua ere jarri dute ezbaian: "Identifikazioa erakusteak derrigorra izan behar luke. Nahi dutena egin dute; izan ere, gu legalki sartu ginen". Argi dute ez dutela lortuko, urte askoan behintzat, Sahara sartzerik: "Gure argazkiak dituzte, jada identifikatuta daude".