Itsaso Aramendi: "Nesken arraunak bultzada izan du, baina egiteko asko dago"

Gipuzkoako Hitza 2015ko ira. 4a, 12:13
Itsaso Aramendi duela bi urte Kontxan. (Baleike)

Zumaiako familiarekin urteko joaten zen Itsaso Aramendi Kontxako estropadak ikustera; orain, han lehiatzeko aukera du. Hiruzpalau urte daramatza arraunean. Aurtengoa bukatuta erabakiko du segitu edo ez.

"Hik igerian ba al dakin ba?". Kostakoa ez denez, arraunean hasi zelako txiste bat baino gehiago entzun behar izan du Itsaso Aramendik (Azpeitia, 1986): "Hasieran egiten zituzten halako txisteak, baina ez, hasiera-hasieratik oso ongi hartu ninduten". Umetatik ezagutzen du arraunaren mundua, Zumaian familia duelako eta Kontxako estropadetara urtero joaten zelako eurekin. "Azpeitian oso ezezaguna zen niretzat; kostako herrietan-eta ezberdina da, ikasleekin joaten dira probatzera-eta". Igandean jokatuko da Kontxako Banderaren lehen estropada. Arraunlari guztiek arraun egiteko desiratzen duten lekua da Aramendirentzat: "Olinpiadak bezalako zerbait da; denboraldian hor daude Gipuzkoako Liga, Euskotren, txapelketak... eta Kontxa errematea da".

Arraunean hasi, ordea, bata bestearen atzetik etorritako kasualitateen ondorioz hasi zen: "Debara bizitzera etorri izanak Jon Maiaren Apaizac obetodokumentala ikustearekin bat egin zuen, eta hortik kostarekiko harremana-edo indartu zitzaidala esango nuke". Irratian ere justu orduan entzun zuen emakume arraunlariak falta zirela eta neskak animatzea ongi egongo zela, eta probatzeagatik animatu zen. "Nire osabak ezagutzen zuen Zumaiako taldeko entrenatzailea, eta batak besteari esanda joan nintzen probatzera; 2011-2012ko denboraldian hasi nintzen".

Bera sartu zenean Zumaiako Telmo Deun taldea erabat osatu gabe zegoen, entrenamenduetarako ere arazoekin zebiltzan jende gutxiegi zegoelako, eta horrek berarekin pazientzia izatera eraman zituela uste du: "'Honi nola edo hala erakutsi behar zioagu arraunean, bestela larri ibili behar diagu denboraldi honetan' pentsatu zutela uste dut, eta sekulako pazientzia hartu zuten nirekin, denon beharra baitzegoen; polita izan zen".Taldeak Zumaiaren izena badu ere, toki askotako jendeak osatzen du egun: tolosar askok, urte mordoxka daramatzaten ondarroarrek, bermeotar batek, Bermeon bizi den galiziar batek, Sestaoko bik...

Erreportaje osoa, Gipuzkoako Hitza-ren webgunean.