Eneko Etxeberria: "Euskal Herriko udal bakarra izango da Azpeitikoa, etxeko lanak eginda dauzkana"

Uztarria.eus 2015ko ira. 2a, 20:50

Eusko Jaurlaritzak memoriaren eta biktimen inguruko topaketa egingo du ostiralean Gasteizen, indarkeria politikoarekin lotutako biktimak izan dituzten EAEko 128 udalerrietako ordezkariekin. Azpeitiko alkatea da bertan izango denetako bat.

Iñigo Urkullu lehendakariak eta Jonan Fernandez Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkari Nagusiak datorren irailaren 4an, ostirala, txosten bat emango diete EAEko 128 alkateri. Bizitzarako Eskubidearen Urraketen Udal Erretratuak (1960-2010) da txostenaren izenburua eta, bertan, azken 50 urteetan bakoitzaren udalerrian hildako biktimak egongo dira jasota; ETAk, GALek, Batallon Vasco-Españolek, GAEk eta Triple Ak eta Estatuko segurtasun indarrek hil zituzten pertsonen datuak dira, hain zuzen ere. Ekitaldia Gasteizen egingo da, Oroimenaren Euskal Institutua hartuko duen egoitzan.

Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatea da Eusko Jaurlaritzak memoriaren eta biktimen inguruan deitu duen bileran parte hartuko dutenetako bat.

Gasteizko ekitaldian izango al zara?

Bizikidetza arloan, ahalik eta adostasun handienekin, egiten den guztia positiboa da. Bileraren inguruko informazioa eta bilera bera deitua izan den moduak harridura sortzen du; izan ere, prentsa bidez jakiten ari gara bileraren edukia. Hala ere, modu eraikitzailean positiboa da, bizikidetza indartzeko saiakera delako. Eta Azpeitiko Udalean gonbidapena jaso orduko konfirmatu genuen gerturatuko ginela.

Bizikidetza arazoak al daude Azpeitian?

Bizikidetzan, gizarteak politikariak eta komunikabideak aspaldi pasatu zituen abiadura ikaragarrian. Bizikidetza erreala da eta atzera bueltarik gabekoa. Edonork ikusi dezake egunerokoan.

Bizikidetzari lotuta, zuretzat zer da garrantzitsuena?

Bizikidetzaren inguruan gaur egungo eta etorkizuneko planteamendua da garrantzisuena, iragana ezin baitugu aldatu. Ardatza konpromisoa da, eta zein den konrpomisoa? Ba, hitz batekin esateko, errespetua. Arlo politikoan ez da onartzen giza-eskubideen urraketarik; gustatuko litzaidake arlo sozialean ere horrela izango balitz, baina zaila ematen du azken egunetan ikusten ari garen errefuxiatuen argazkiak ikusita. Ondorioz, denon konpromisoa da gaurko eta etorkizuneko gizartea giza-eskubideen urraketarik gabe eraikitzea. Horretarako, gaur egunean gertatzen ari diren urraketa guztiak salatu behar ditugu. Hala ere, tamalez, uste dut salaketa ez dela beti intentsitate berdinarekin egiten. Adibidez, auzi politikoak eta ondorioak, dispertsioa... Eta horrek giza-eskubideen urraketaren inguruko konpromisoa asko ahultzen du, eta joko politiko bateko zati bezala kokatzen du. Hau da, batzuei iraganean gertatutako eskubide urraketak batzuk aurpegiratzen zaizkie etengabe eta, aldiz, beste urraketen inguruan ez da ardurarik asumitzen. Eta txarrena dena, gaur egungo urraketek ez dute garrantziarik, ez dira salatzen, edo ez behintzat intentsitate handiarekin. Etorkizuneko gizartea eraikitzeko konpromisoa izanik, garrantzitsuena eta oinarri nagusia lortutako adostasun handi hau zaintzea eta indartzea dela uste dut. Eskubide urraketarik ez gertatzearen alde lan egitea eta gertatzen badira ez onartzea. Bestetik, iragana ezin dela ahaztu uste dut. Iraganak lezio handiak ematen dizkigu eta etorkizunerako tresna ezinbestekoa da. Biktimek egia jakiteko eskubidea dute, eta hori erakundeen ardura dela uste dut, eskubideek betebeharrak ekartzen baitituzte.

Azpeitian 1960 eta 2014 urteen artean izandako eskubide urraketak jasotzen dituen txostena aurkeztu zenuten urte honen hasieran.

1936ko gerrarekin lanean ari gara, baita gertuagoko denboretan ere, eta Euskal Herriko udal bakarra izango da Azpeitikoa, etxeko lanak eginda dauzkana. Udalak 1960-2014 tartean sortutako eskubideen urraketak jaso zituen, Aranzadiko Jabi Bucesek, Paco Etxeberriak eta Carlos Martin Beristainek egindako lanaren bitartez. Jaurlaritzak daukan ikerketa horretan bizitza eskubidearen aurkako urraketez gain beste hainbat urraketa jasotzen dira; hain justu, Azpeitian 97 biktima identifikatu dira. Beraz, jasoko dugun informazioa badugu, eta modu sakon eta zabalagoan. Bileran jasoko duguna gurearekin kontrastatuko dugu. Azkenik, errekonozimenduaren atala ere landu behar dugu. Udalak edozein biolentzia jasan duten biktima guztiak babestu eta errekonozitzen ditu, eta une honetan ere biktima bakoitzak eta guztiek jasan behar izan duten sufrimenduarengatik gure elkartasuna eta babesa adierazi nahiko nieke publikoki bilera horretara agertuta. Beren sufrimenduaren aitorpena eta errekonozimendua. Egoera injustuen biktimak dira. Beraz, bileran egiten zaigun planteamendua modu eraikitzailean eta positiboan jasoko dugu. Iraganari dagokionez ahalik eta zabaltasun handienarekin errekonozimendu maila indartzearen alde egingo dugu, eta gaur egungo eta etorkizuneko eskubideen errespetua aldarrikatuko dugu. Iragana ezin dugu aldatu, baina etorkizuna guk eraikiko dugu. Eskubideen errespetuan oinarritutako Azpeitiko gizarte berritua eraikitzea denon ardura da, denon parte-hartzea eta konpromisoa behar du. Elkarbizitzak denok behar gaitu. Eta zentzu horretan, Udalak bere esku dituen tresna guztiak jartzen jarraituko du.