Gaztetxoentzako irteera antolatu du Lagun Onak MBk Petretxemara

Uztarria.eus 2015ko ira. 2a, 17:56

Ostiral arratsaldean abiatuko dira Azpeititik eta, gaua Lintzako aterpean igaro ondoren, zapatuan egingo dute Pirinioetako tontorrera ibilaldia. Izena emateko epea gaur, asteazkena, bukatuko da, mendizaleen webgunean.

Udako oporraldiaren osteko lehen irteera egingo dute Lagun Onak Mendi Bazkunakoek iraileko lehen asteburuan. Mendizale gaztetxoei zuzendutakoa da eta Petretxema mendia (2.371 m) igoko dute irteera horretan, Lintzatik abiatuta.

Ostiral arratsaldean, lauetan, abiatuko dira Lagun Onak MBkoak Azpeititik autobusez eta, gaua Lintzako aterpean igaro ondoren, zapatuan egingo dute Pirinioetako tontorrera ibilaldia. Lintzara itzulita, zapatu arratsaldean itzuliko dira mendizaleak Azpeitira.

Ibilaldirako izena emateko epea gaur, asteazkena, bukatuko da, mendizaleen webgunean. Lagun Onak MBko bazkide diren gaztetxoentzat prezioa 23 eurokoa da eta 30 eurokoa bazkide ez direnentzat. Helduei dagokienez, bazkideek 32 euro ordaindu beharko dute, eta 40 euro bazkide ez direnek. Autobusa, afaria eta gosaria sartzen dira prezio horietan.