3x3 futbol festa jokatuko dute gaztetxoek asteburuan, Betharrametako jolastokian

Urola Kostako Hitza 2015ko ira. 2a, 12:38
Joan den urteko parte-hartzaile batzuk. (Valen Garcia)

Ligaxkan izena emana dutenek bihar joan behar dute elastiko bila Azpeitiko Betharramera, 11:00etatik 13:00etara edo 17:00etatik 19:00etara. Futbola, musika eta jaia uztartuko dituzte.

Azpeitia Cup elkarteak antolatuta, 3X3 futbol lehiaketa jokatuko dute eskualdeko gaztetxoek asteburuan. Ostiralean hasiko da ligaxka, eta igandera arte gozatuko dute futbolaz haurrek. Bigarrengoz egingo dute aurten, eta futbol festaz gain, musikaren eta dibertsioaren jaia izango da aurtengoan ere: pailazoak, bertsolariak, zozketak eta trikitilariak izango dira asteburuan Iraurgi Ikastetxeko Betharram eraikineko jolastokian. Berrikuntza gisa, basurde harrapaketa ekitaldia jarri dute larunbatean, baina antolatzaileek ez dituzte guztiz argitu nahi izan haren nondik norakoak, "sorpresa" bat izango delako.

Joan den urtean bezala, ekitaldi guztiak irekiak izango dira, hau da, futbol ligaxkan parte hartu behar ez duten gaztetxoek aukera izango dute gainontzeko ekitaldietara joateko. Antolatzaileek horixe nabarmendu dute, "guztientzako eginiko jaia" dela asteburukoa.

Bestalde, izena eman duten umeek bihar joan beharko dute ligaxkako kamiseten bila, Betharramera. 11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara izango dute horretarako aukera.

Ume ugarik eman dute izena 3×3 futbol jaiko bigarren aldi honetan, joan den urtean bezala; eta, beraz, balorazio positiboa egin dute Azpeitia Cup-eko ordezkariek. Hala ere, ikusi dute jaitsiera arin bat egon dela iaztik. "100 talderen langa pasatu genuen joan den urtean, eta aurten gerturatu bagara ere, 83an gelditu gara". Uste dute eragina izan duela data aldaketak, eta behin ligaxka bukatuta baloratuko dute datozen urteetara begira aldaketak egin ala ez: "Udako oporrak direla-eta, agian, informazioa ez da haur eta guraso guztiengana iritsi, horretaz jakitun gara. Aztertuko dugu hori, baina 83 talde kopuru ona dela uste dugu". Horrenbestez, Azpeitia Cup-ek herritar guztiak gonbidatu ditu futbolaren festaz gozatzera.

Egitaraua

Ostirala, irailak 4

16:00. Futbol partiden hasiera, Betharram-eko jolastokiko zelai artifizialetan.

17:00. Iraurgi Ikastetxeko hainbat ikasleren eskutik pintura eta eskulanen tailerra.

Larunbata, irailak 5

09:00. Futbol partiden hasiera, Betharramen.

12:00. Kalejira Itxaso Gurrutxaga eta Iñigo Dominguez trikitilariekin.

13:00. Bertso saioa. Oier Etxeberriak, Iñigo Ibañezek eta bertso-eskolako ikasleek abestuko dute.

13:30. Ekain-Txou pailazoaren ikuskizuna.

15:00. Pottokak eta basurde harrapaketa.

16:00. Jokalari guztientzat domina banaketa.

20:00. Azpeitia Cup-en aldeko zozketa.

Igandea, irailak 6

09:00. Futbol partiden hasiera.

Ostiral eta larunbatean arratsalde osoan eta igandean, goizez. Musika jarriko dute jolastokian, baita taberna ere. Zozketako boletoak salduko dituzte.