Fisikoa izengoiti

Uztarria.eus 2015ko ira. 1a, 20:39

Pertsona ezizenez ezagutzea usadio zaharra eta zabaldua da herrian. Goitizen askoren jatorria ezaugarri fisikoa da. Horietako adibide batzuk hartu eta osatuta dago Uztarria herri aldizkariaren abuztuko zenbakiko Klik! argazki-erreportajea. Uztarriaren 175. zenbakia osorik irakur daiteke webgunean, PDF formatuan, hemen.

'TXIKIYE'

Pozoia eta lurrin ona flasko txikian izaten dira, esaeraren arabera. Mikel Lasa, Xabat Aranguren eta Iñaki Alberdi 'Txikiye' bezala dira ezagun herrian. Direna baino altuago agertzeko, plano kontrapikatuan dago aterata argazkia. Baina Lazkao Txikik kantatu zuen gogora ekarriz: "Zertarako behar ditut hanka luzeagoak, lurreraino iristen badira?".

'GORRIYE'

Gerra Zibilak harrapatu izan balitu, ezin jakin karlistak ala errepublikarrak, zer izango ziren. Dakiguna da, gerra ondoren jaioak izan arren, 'Gorriye' direla. Urteak aurrera, burua zuritu ez, baina ilundu egin zaie Jose Ramon Odriozolari eta Jurgi Larrañagari. Denboraren poderioz ilea bakanduz joan bazaio ere, goitizenaren jabe izaten Jose Migel Iribarrek -argazkian, erdian- jarraitzen du.

'PANPANUE'

Imanol Agirreri eta Iban Suduperi 'Panpano' deitzen diete lagunartean. Agirrek dioenez, gaztetan koadrilakoek-eta "panpanoa baino luzeagoa haiz!", esaten zioten; hortik ezizena. Dena den, gero eta jende gutxiagok deitzen diola 'Panpano' azaldu du. Panpano zuhaitza baino luzeagoa ez da ez bata eta ez bestea, baina altuak direnik ezin uka. Sudupe Zezen Beltz elkarteko kidea da, eta hango lagunen bat edo beste hasi zitzaion 'Panpano' ezizenez deitzen. Sudupek dioenez, "bati hasi eta besteak segi", eta hala deitzen diote elkarteko kideek egun. Bi 'Panpanoak' Zelai Luzen, panpano zuhaitzen ondoan.

'BELTZA'

.Jose Luis Urkizuri eta Luis Alberdiri 'Beltza' deitzea ulergarria da, baina Lurdes Arangureni hala deitzeak azalpen gehiago eskatzen du. Azalez, justu, beltza ez da, baina osabari 'Negrin' deitzen zioten eta anaiari 'Beltza. Horregatik, bera ere 'Beltza'. Urkizuren anaiari ere 'Beltza' deitzen zioten, eta azal kolereagatik, ondo merezia du ezizena. Hiruretan beltzena, Alberdi da. Aita zen 'Beltza, taberna zabaldu zuen, eta familia osoa 'Beltzaneko' moduan ezagutzen da.

'RUBIO'

Mikel Arrietari eta Joseba Lizarralderi 'Rubio' deitzen diete gaztetatik. Argi dago ilearen koloreagatik jarritakoa dela ezizena. Garai batean baziren rubio, baina orain...

'TXATO'

Sudurragatik datorkie 'Txato' ezizena Migel Anjel Agirreri eta Joxe Mari Larrañagari. Agirreri zortzi bat urterekin-edo Betharramistetan jolasean ari zirela burla egiten hasi zitzaion beste ume bat, eta ezizenarekin gelditu zen. Larrañagak hamar bat urterekin, eskolan, sudurra hautsi zuen jolasean ari zela. 18 urterekin sudurrean ebakuntza egin bazioten ere, ezizena hartuta zuen ordurako. "Sudurra hautsi ez banu ere, hala deitzeko motiboak baziren, sudur zapala eta sudur punta goraka nuelako", dio. "Sudurra hautsi aurretik ere, etxean amak 'txatua' deitzen zidan, azaldu du.

'TXINO'

.Asia ekialdeko herritarrek begi forma berezia dute; almendra-itxuran, estua eta luzea. Broman esan izan da arroz asko jan eta sekatuta, indarka, libratu ezinaren ondorio dela. Maialen Orbegozo eta Julian Gurrutxaga 'Txino' eta 'Txina' bezala dira ezagun, baina ez arroza neurriz gain jatearen ondorioz.